Anorexiaren gordintasunaz
‘Marta ispiluaren aurrean’ antzezlana argitaratu du Teresa Calok, eta eskoletan taularatzeko asmoa du
Argitalpena
Martak anorexia zuen, baina lortu du gaixotasunaren pisua gainetik kentzea. Dagoeneko, 17 urteko gazteak, ez du familiakoen aurrean itxurarik egin behar jatorduetan, eta ez ditu ingurukoen galderak erantzun behar, eta ez ditu amaren negarrak entzun behar. Aske dago. Marta ispiluaren aurrean antzerki obra idatzi du Teresa Calok (Trintxerpe, 1955), eta 72 orriko liburuan bildu du. Marta da kontakizuneko pertsonaia nagusia; Marta, eta bere eskeletoa; Marta, eta pisua; Marta, eta janaria.
Aktorea, antzerki zuzendaria eta gidoilaria ere bada Calo. Beraz, ez da harritzekoa antzerki obra bat idatzi izana. «Anorexia oso gertuko gaia da, baina ez da hortaz hitz egiten», adierazi zuen egile donostiarrak aurkezpenean. Zehazki, nerabeei zuzendutako liburua da, fina, arina, eta edonork irakurtzeko modukoa. Azken batean, Caloren asmoa, nerabeengana iristea da, eta horregatik, antzerkia eskoletan taularatzeko asmoa du. «Naiara Arnedo aktoreak gertutik ezagutu zuen anorexia, eta antzezlan hau egiteko gogoa du», gehitu zuen.
Gazteleraz idatzi zuen Calok Marta ispiluaren aurrean; aurkezpenean aitortu zuenez, euskaraz ez baita guztiz eroso sentzitzen. Itzulpengintza lana, beraz, Mitxel Muruak egin du, eta Calo oso gustura geratu da euskarazko bertsioarekin. Gai gogorra izanik, Calok gordintasunez kontatu du istorioa, hizkuntza zuzena erabiliz; eta Muruak, euskaratzerakoan, estiloa ongi baino hobeto mantendu duela irizten du Calok. Gainera, gazteen hizkera erabiltzen saiatu da, beraiengana gehiago hurbiltzeko. «Anorexiaren mundua deigarria iruditu izan zait beti. Informazioa bildu nuen, eta gaiaren inguruko liburuak eta Interneten gaixoei ematen dizkieten aholkuak irakurri nituen. Horrek guztiak nire ideia sakontzeko aukera eman zidan». Hala ere, antzezlana idatzi, eta argitaratzeko asmoa izan aurretik, inguruko hainbat gazte eta psikologori eman zien testua Calok. Behin euren oniritziak jasota, pozik geratu zen Calo, eta orduan bai, argitaratu zezakeela erabaki zuen.
Umoretik jo du
Egilearen ustez, milaka izan daitezke nerabe bat anorexiara eraman dezaketen arrazoiak. «Gaia ateratzen ez den bitartean, harrapatzen duen geroz eta jende gehiago egongo da. Alkoholismoa bezalako gaixotasuna da, ez da sekula gainditzen, baina kontrolatzen ikasten da». Kontuak hala, gaixotasunaren alde barregarria bilatzen saiatu da; beraz, umoretik jo nahi izan du bere kontakizunean, beti ere inor mindu gabe. «Umorea erabili dut, kontuaz barre egin gabe, gazteek ez baitituzte gogoko hitzaldiak». Edonola ere, liburua aitzakiatzak hartuta, mahai-ingurua egingo dute maiatzaren 9an, 19:00etan, Donostian, gaia lantzeko; Fermin Calbeton kaleko Elkar megadendan.
- Izenburua. Marta ispiluaren aurrean antzezlana.
- Egilea. Teresa Calo (Trintxerpe, 1955).
- Itzultzailea. Mitxel Murua (Zarautz, 1961).
- Argitaletxea. Elkar.
- Bilduma. Taupadak 33.
- Adina. 13 urtetik gorakoentzat.
- Orrialde kopurua. 72.
- Prezioa. 8,25 euro.