Olatu Talka auzoetara iritsiko da
Donostiako erdigunetik harantago iritsiko da hirugarren Olatu Talka jaialdia. Donostia 2016 Bulegoak herritarren proposamenak jaso ditu, eta Olatu Talkaren programak Donostiako auzo ezberdinetan sorturiko ia ehun jarduera antolatu ditu dagoeneko. Loiola, Martutene, Intxaurrondo, Egia, Altza, Amara, Gros, Añorga eta Antiguora iritsiko da Olatu Talka.
Urumea ibaiaren ingurua ekimenez betetako gunea izango da Olatu Talkaren programaren barruan. Maiatzaren 13an 25 jarduera baino gehiago elkartuko baitira ibaian, eta inguratzen duen gunean, Loiolatik hasi eta Etxarriene arte, Martutenen. Ibaia biziberritzeko eta ibaiak hiri-egituratzaile papera berreskuratzeko inguruari kultur erabilera berriak eman nahi dizkiote. Helburua hiria beste ikuspuntu batetik ikustea da: itsasoa begiratu, bai, baina baita barnealdea ere. Horretarako, ekintzaren zati handi bat Loiola eta Martutenen kontzentratuko da, ibaiaren inguruan.
Munduko sukaldaritza tailerra, Garbibai (Urumean), Ziklobia, Hitzak eta ahotsak: olerkiak polonieraz (Urumea ingurua), Bilintx sasi pastorala (Antigua), desfileak Egiako parkean, abesbatzen talka (Martutene), grafitti lehiaketa (Intxaurrondo) eta beste hainbat ekimen bilduko ditu Olatu Talkak.