San Telmo Museoko sarrera doakoa izango da apirilaren 20an
Urtebete igaro da San telmo Museoa berriz ere ireki zutenetik. Berritze lanak bukatu ostean, iazko martxoaren 28an zabaldu zituen ateak. Nerea Txapartegi udaleko kultur ordezkariak azaldutakoaren arabera, urtebete honetan oso emaitza onak jaso ditu museoak, aurreikuspenak bete baititu.
Guztira, museoan 166.146 bisitari izan dira, erakusketak bisitatuz, edo ikastaroetan zein hitzaldietan parte hartuz, besteak beste. Hori kontuan izanik, ospakizun ekitaldi txiki bat antolatu dute apirilaren 20rako. Egun horretan, museoko sarrera doakoa izango da, eta bai euskarazko zein gaztelerazko bisita gidatuak egingo dituzte, goizean eta arratsaldean. Iluntzean, berriz, udal txistulari bandak kontzertu txiki bat eskainiko du, eta ondoren, topa sinbolikoa egingo dute arduradunek. Donostiar guztiei deia egin diete egun horretako ekitaldietan parte hartzeko: “Goazen guztien artean museoa gure egitera”, plazaratu du Txapartegik.


