Eli Tolaretxipi Londresko poesia jaialdian parte hartzeko hautatu dute
Zorionekoa da Eli Tolaretxipi poeta donostiarra. Izan ere, Londresko Olinpiar Jokoen harira, bertan egingo duten Kultur Olinpiadetan parte hartzeko hautatu dute 6.000 lagunen artean. Zehazki, poesia jaialdian ariko da Tolaretxipi, Espainia ordezkatuz. Jaialdiak 200 herrialde baino gehiagotako ordezkariak bilduko ditu, Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten kirolarien herrialde berdinetatik joango direnak. Londresen, gainontzeko poetekin batera, eztabaidetan, irakurketetan eta tailerretan parte hartzeko aukera izango du.
Emakundek, Emakumearen Euskal Erakundeak, bere poza agertu du komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez, eta Tolaretxipiri zorionik beroena luzatu nahi izan dio. Emakunderen ustez, aukeraketak Tolaretxipiren lana eta ahalegina saritzeaz gain, emakumeek gizarteko arlo guztietan egiten duten lanaren erakusgarri ere bada.