Donostia Kultura milioi bat erabiltzaile izatera iritsi da 2011n
Donostia Kulturak 2011ko memoria aurkeztu du gaur goizean. Iazkoa urte “berezia” izan dela diote arduradunek. Batetik, martxoan San Telmo Museoa berriro zabaldu zutelako, berritze lanak bukatu ostean; eta bestetik, Intxaurrondoko kultur etxe berria zabaldu zutelako, ekainean. “Bi ekipamendu gehiago izan ditugu kultura esparru guztietan kudeatzeko eta sustatzeko”, diote arduradunek.
Nola ez, Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko hautatua izateari ere garrantzia handia eman diote. “Ekainaren 28an iragarri zen, eta oniritzi handi baten adierazpena izan zen hiriaren kultur jardueraren alde, bai eta erronka handi bat ere, datozen urteetako ibilbideari begira”.
Gainera, Donostia Kultura bere erabiltzaile kopururik handiena lortzera iritsi da 2011n. Izan ere, milioi bat erabiltzaile baino gehiago izan zituen kultur etxeetan eta hiriko liburutegi-sarean.