Lau Haizeta eta Leosiñeta arteko bidegurutzea zabaltzeko eskatu du EAJk
Maiz ilarak sortzen direla azaldu du Martin Ibabe zinegotziak
Aldarrikapen zahar bati heldu dio Martin Ibabe zinegotzi jeltzaleak. Altzan, Lau Haizeta pasealekuak eta Leosiñeta kaleak bat egiten duten bidegurutzea estuegia denez, maiz auto ilarak sortzen direla aditzera eman du. Bidea zabaltzeko beharra plazaratu dio udal gobernuari.
Garberatik datozen autobusek zein Larratxotik gora eta behera dabiltzan autobusek, Martillun baserriaren parean, Leosiñeta eta Lau Haizeta pasealekuaren bidegurutzean bat egiten duten eta “nahasmen handia” sortzen dela azaldu du. Bidea zabaltzeko lekua badagoela eta “lehenbailehen” egin beharko litzatekeen lana dela adierazi du Ibabek.
Bizilagunen aspaldiko aldarrikapena dela dio EAJko zinegotziak. Aurreko gobernuak Auditz Akularren egingo zuen hirigintza egitasmoarekin eman nahi zion arazo horri irtenbidea. Auditz Akularreko proiektua egun geldirik dagoenez, bidegurutze horri konponbidea bilatu nahi dio EAJk.