'Barrura begiratzeko leihoak', Josu Martinezen proiektu berria
Bost presoren inguruko dokumental banarekin osatutako filma da. Gaur trailerra emango dute Giza Eskubideen Zinemaldian
Kartzelako poemak izenarekin jaio zen proiektua; behin behineko izenburua zen hura. Jada erabaki dute izenburu berria: Barrura begiratzeko leihoak. Josu Martinezen (Itsasoaren alaba, Sagarren denbora) ideia batetik abiatutako filma da, eta euskal presoen inguruko film luze dokumentala da. Bost istorio independentek osatzen dute. Josu Martinezek, Eneko Olasagastik, Mireia Gabilondok, Enara Goikoetxeak eta Txaber Larreategik parte hartu dute zinemagile gisa. Norberaren begietatik abiatuta, preso bakoitzaren bizipenak kontatu nahi izan dituzte.
Martinez izan da sustatzailea. Itsasoaren alaba filmatu zuen 2009an (GALek eraildako baten alabari buruzkoa) eta Sagarren denbora 2010ean (deportatu baten eta haren bikotekideari buruzkoa), Txaber Larreategirekin batera. Euskal Herriko gatazkarekin loturiko trilogia osatuko du horrela Martinezek. Presoen errealitatera hurbilduko da hirugarrengoan.
Josu Martinezek preso sartu arteko prozesua azaldu du: «Iragarritako espetxeratze baten kronika da nirea. Horrek sortzen dituen paranoiak eta tentsioa islatuko du filmak». Sagarren denbora dokumentalean zuzendarikide izan zuen Martinezek Txaber Larreategi. Hark Martinezen istorioaren ifrentzua kontatuko du, hau da, espetxetik ateratzen den presoa baten istorioa. «Askok pentsatzen dute kartzelaldia amaitzen dela kartzelatik ateratzen zaren egunean, baina gero kontuan izan behar dira barruan egindako ametsak ere zertan geratzen diren, nola den gizarteratzea, nola den lehen ezagutzen zenituen bezalakoak ez diren lekuetara itzultzea…».
Bere istorioa espetxean kokatuko duena Mireia Gabilondo da. Aurrenekoz egingo du dokumental bat Gabilondok. «Pertsona bati buruz hitz egin behar izate horrek erakarri ninduen. Urte askoan kartzelan dagoen emakume bati buruzkoa izango da nire istorioa. Bizitza kartzelan pasatzea zer den azalduko dugu».
Eneko Olasagastik rol bikoitza izango du bere film zatian, zuzendari ez ezik protagonista ere izango baita: “Nik badut lagun bat gaur egun preso dagoena, eta urte askoan harremanik izan ez dudana. Bilaketa pertsonal baten istorioa izango da, beraz. Ni izango naiz lagun zahar horren bila abiatzen dena. Prozesu hori kontatuko dut”.
Enara Goikoetxeari dokumentalaren generoan arakatzeko baliagarri izan zaio istorioa: «Ez du ohiko dokumentalaren trazarik, gehiago hurbiltzen da saiakerara. Iraultza eta metamorfosiaren edota barne aldaketa eta kanpo aldaketaren arteko jokoa planteatu nahi izan dut. Horretarako preso egokiarekin topo egin nuen».
Aurtengo Donostiako Zinemaldian estreinatu nahi dute film luze dokumentala.