Ehun bat aditu elkartu dira Aquariumen, itsas habitaten inguruko jardunaldian
AZTI-Tecnaliak antolatutako bilkurak itsas habitatak ikertzea eta hauen kudeaketarako beharrezkoak diren mapak egitea du helburu
Hamar herrialdetako ehun ikerlari baino gehiago elkartuko dira Aquariumen, gaur eta bihar, Europako Atlantiar eremuko itsas habitatak sailkatzeko terminologia bateratua adosteko. Halaber, itsas hondoen eta habitaten serie kartografikoak egiteko asmoa dute. AZTI-Tecnaliaren arabera, itsas hondoaren mapa berriak egitea, “ezinbestekoa da habitaten banaketa ezagutzeko eta itsas ekosistemak gizakiari zein ondasun eta baliabide eskaintzen dizkion ahalik eta zehatzen jakiteko”.
Adituek habitatak sailkatzeko erabiltzen duten sistema ere eztabaidatuko dute, kudeatzaileentzat baliagarria izango den irizpide bateratuetan oinarrituko eredua adosteko. AZTI-Tecnaliak antolatutako jardunaldiak MESHAtlantic proiektuaren parte dira. Honen xedeetako bat itsasoaren ezagutzan sakontzea eta terminologia bateratua lortzea da.