Gipuzkoa plazan egin zuten Liburuaren Nazioarteko Egunaren azoka. (Argazkia: Mikel Goñi)
Nazioarteko Liburuaren Eguneko azokaren antolatzaileak pozik daude aurtengo aldiaren emaitzak direla eta.
Liburuak erosle eta irakurle bila irteten dira kalera urtean behin, Nazioarteko Liburuaren Egunean. Eguna ospatzeko ekimenen artean Gipuzkoa plazan egin ohi den liburu azoka dago, eta aurten primerako harrera izan duela adierazi dute antolatzaileek. Salmentan ere nabaritu da arrakasta; gaurkotasun handiko
Martutene eta
Twist idazlanak saldu dira gehien.
Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Elkarteko lehendakari Andoni Aranzegi pozik zegoen atzo eguerdian. Gipuzkoa plazan, Aldundiaren Jauregiaren arkupean, Donostiako hamar liburu denda, argitaletxe eta banatzaile biltzen dituen azoka lortzen ari zen arrakasta «handia» zela zioen. «Gaurkoa gaindiezina da, jende asko dabil». Arduradunak gehitu zuenez, «egun hau berezia da, hemen ikus daitezkeen pertsona asko ez dira normalean liburu dendetara sartzen, baina hemen gelditzen dira; liburuak begiratzen dituzte».
Krisiak eraginda aurten beste urteetan baino txikiagoa izan da azoka. Hala ere, donostiarren aurtengo erantzunak Aranzegi bere ideiak berrestea ekarri du. «Etorkizunean Liburuaren eguneko azoka handitu behar dugu».
Salmenta postuetan gustura zeuden liburu denda eta argitaletxeetako langileak. Elkar dendako arduradunek azaldutakoaren arabera, euskaraz, Ramon Saizarbitoriaren
Martutene eta Harkaitz Canoren
Twist eleberriak ziren jendeak gehien begiratu eta erosi zituztenak. Beste postuetan ere, bi izenburu horiek nabarmentzen zituzten saltzaileek. Euskarazko
bestseller-ak, hau da hobekien saldutakoak, donostiarrak izan ziren.
Hala eta guztiz ere, Liburuaren Egunean dena ez da salmentaren ingurukoa. Irakurleek eta egileek elkarren berri izateko aukera ere edukitzen dute. Postu batean, esaterako, euskarazko lehen autolaguntza liburuaren egile Juanjo Lertxundi aritu zen
Ausartu zaitez!-en aleak sinatzen. «Liburu hori berri-berria da eta ondo ari gara saltzen, baina horrelako egunetan gure fondo zaharreko beste liburuak ere asko begiratzen ditu jendeak», azaldu zuen Txertoa argitaletxeko Martin Ansok.
Musika, solasaldiak…
Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira asko izaten dira apirilaren bukaera aldean aurkezten diren liburuak. Publikoaren begien aurrera atzo iritsi zirenen artean Fito Rodriguez egiatarrak idatzitako
Txillardegi liburua dago. Erein argitaletxeko Haran saileko laugarren zenbakia da Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri emandakoa.
Txillardegik «konpromiso intelektualetik» egindako ekarpena bildu du Rodriguezek bere 44 orrialdeko saiakera laburrean. Sailaren zuzendari Antxon Lafontek azaldu zuenez, «balio handiko intelektualak» gerturatzea da sortaren helburua.
Bestalde, liburuen inguruan atzo hasitako ekimenen zerrendak segida izango du egunotan. Donostia Kulturak atzo Liburutegi Nagusian antolatutako harpa kontzertua bezalako ekimenek jendea liburutegietara gerturatzea du helburu; gauza bera gertatzen da, besteak beste, gaur egingo diren Okendo kultur etxeko ingelerazko literatur solasaldian eta Ernest Llucheko
Biodiskografiak irakurtaldiarekin.