Larunbatean egingo dute kaleko arteari buruzko Karrika jaialdia, Kortxoenean
Groseko Kortxoenea gaztetxeak Karrika Kaleko Arte Jaialdia bere baitan hartuko du larunbatean, apirilak 28an. Hain zuzen ere, egun osoko egitaraua antolatu dute, egungo kaleko artearen nondik norakoak ezagutarazi eta aztertzeko.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Karrikaldia “periferian eta periferiarako sortu da. Hirien periferiak direlako pentsamendu originalaren erdigune”. Karrika jaialdiak “pentsamendu eta ekintza independentea, gaztetxea, arrarotasuna eta ezezaguna” bateratu nahi dituela gaineratu dute.
Horiek guztiak, baina, egungo kaleko artean nola gauzatzen diren aztertuko dute larunbateko kultur ekimenetan. Izan ere, tailerrak, bideo emanaldiak, solasaldiak eta Whitepunk bezalako ekimenen inguruko zuzeneko azalpenak izango baitira egun osoan.