Urumeako bazterrak gertutik ezagutzeko ekitaldi sorta prestatu dute
HidroLogikak egitasmoak iaz baino ekimen gehiago dituela nabarmendu du Cristina Eneako zuzendariak
Cristina Enea Fundazioko arduradunek erronka bat dute: Kontxa eta badia inguruari begiratzeari utzi eta Urumea ibaiari arreta eskaintzea. Urte askoan «erdi ahaztuta» egon dela eta «hiriko komun zulo» izan dela azaldu du Txema Hernandez Cristina Enea Fundazioko zuzendariak.
Honenbestez, ibaiak duen garrantzia berreskura dezan, Urumea ardatz duen HidroLogikak egitasmoa aurkeztu dute. Askori ezaguna egingo zaie proiektua iaz jarri zutelako abian lehen aldiz. Aurtengo saioa, ordea, «sendotuta, aberastuta eta ekimen gehiagorekin» datorrela nabarmendu du Hernandezek.
Maiatzaren 2an hasi eta ekainaren 16a bitartean hamaika ekimen proposatuko ditu Cristina Enea Fundazioak: bi erakusketa, lau bisita gidatu, txotxongiloak, ipuin kontalari bat eta uraren bueltan gogoeta egitera lagunduko duten hiru hitzaldi.
Oier Etxeberria izan da egitarau zabal hori antolatzeaz arduratu den Cristina Eneako teknikarietako bat eta ekintza horien artean bi hitzaldi nabarmendu ditu. Maiatzaren 24ean, udaletxeko udalbatza aretoan, Julio Llamazares idazleak emango duen hitzaldia eta, ekainaren 6an, Jose Antonio Gonzalez Alcantud antropologoak Koldo Mitxelenan emango duena. Urak eta literaturak izan duten harremanean arakatzeko aukera eskainiko du lehenengoak. Bigarrena, berriz, ibaiek eta naturak duten indarrean murgilduko da.
Hitzaldiek bidaiatzen lagunduko duten arren, aulkitik altxa, oinetako erosoak jarri eta Urumea bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko du HidroLogikak egitasmoak, halaber. Bisita gidatuetako batean Urumeako animalia eta landareak erakutsiko ditu Joseba Gurutz de Vicentek, maiatzaren 5ean eta 19an. Maiatzaren 12 eta 26an, berriz, Iñaki Begiristain arkitektoak gidatuta, ibai inguruko arkitektura eta urbanismoak dituen xehetasunak erakutsiko ditu, partaideak ontziz doazela. Hurrengo bisita gidatua bizikletaz egitea proposatu du Kalapiek. Ekainaren 2an izango da eta Mundaizeko zubitik hasiko da eta Hernaniko Fagollaga auzoraino iritsiko da. Azken bisitak Urumea ibarreko baserriak ezagutzea izango du helburu. Cristina Urquijo izango da gidari ekainaren 16ko ibilaldian.
Ontziz egiten den bisitarako zazpi euro ordaindu behar dira; gainontzekoak doakoak dira. Halere, izena eman behar da aurrez.


