Hodei Egaña: "Egiazko justizia izaten lagunduko duena herritarren aktibatzea da"
Hodei Egaña – Eleak mugimenduko kidea
Eleak mugimenduak eskubide zibilen eta politikoen aldeko puzzle erraldoia osatuko du Bulebarrean. Egañak 1.200 piezetako bat du.
Demokrazia 3 Milioi (D3M) hautesle elkartearen aurka 2009an egindako operazioan atxilotua izan zen Hodei Egaña (Gros, 1983). Epaiketa hasteko bi aste falta direnean, Eleak mugimenduak eskubide sozialen eta politikoen alde larunbatean egingo duen ekitaldian parte hartuko du gazteak. Bera bezala talde politikoetan edo sozialetan lan egiteagatik auzipetuak izan direnen egoera salatuko dute Bulebarrean, 11:30ean hasita.
Zer da Eleak mugimendua?
Eskubide sozialen eta politikoen inguruko urraketak salatzeko sortutako herri mugimendua da. Herritar anitzek osatzen dute eta ez du egitura berezirik.
Eragileen babesa ere badu, ezta?
Donostian sortu zenean, hainbat gizarte eragilerekin, sindikaturekin eta alderdi politikorekin batu, eta eskubide horien defentsan konpromiso batzuk eskatu zitzaien. Horiek lotuta eta beraien ekarpenekin hitzarmena egin zen.
Noiz jarri zen abian Eleak?
Donostian denbora gutxi darama. Iazko udara aldean, lehen ekimen publikoa egin zuen. Bateragune epaiketari erantzunez, Zuloaga plazan astebeteko karpa eta Askegunea jarri zuten. Erasoak ematen direnean erantzuten duen dinamika da; oraindik ere sortzen ari gara.
Zein da zabaldu nahi duzuen mezua?
Herritarrak politika egiteagatik zigortuak izaten direla da salatu nahi dugun lehen gauza. Gipuzkoan, hainbat organismotan lan politikoa egiteagatik, 111 pertsona daude epaiketaren edo sententziaren zain, 35 lagun espetxean daude euren militantzia politiko normalizatua egiteagatik, eragile anitz legez kanpo, hauteskundeetan hautatuak izan ezin daitezkeen herritar zerrenda luzeak daude… urraketa mordoa dago. Horiei erantzuteko eta berriro ez gertatzeko, herritarrak antolatu egin behar dira.
Nola erantzungo diozue urraketei?
Eleak mugimendua erantzuna era praktikoan egiteko jaio da. Bi aste barru D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa hasiko da. Hori aitzakiatzat hartuta eta aipatutako urraketak hor egonda, larunbateko ekitaldia planteatu dugu. Dinamika honek indarra hartu behar du estatuaren immobilismoa desblokeatzeko, eta horretara bidean, ekimen gehiago egingo dira aurrerantzean. Eskubide hauek betidanik aldarrikatuak izan dira, baina oraintxe Euskal Herrian prozesu berezi bat martxan da, eta uste dugu gizartearen gehiengoak ez duela ulertzen alde batetik pausoak ematen ari diren bitartean, bestetik ez ematea.
D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa bi aste barru hasiko da. Zein da zure egoera?
D3M eta Askatasunaren aurkako sarekadan atxilotu ninduten. ETAren estrategiaren barruan hauteskunde batzuetara aurkeztea saiatzeagatik ETAko kide garela diote. Bederatzi urteko espetxe zigorrari aurre egingo diogu. Hauteskunde aukera bat gizarteari eskaintzeagatik hamahiru pertsona auzipetu izana salatu nahi dugu.
Zer espero duzue?
Gure aurkako akusazioa lotsagarria da, eta aurkeztu dituzten frogak ikusita, aukera asko ditugula uste dugu. Eroriko den karta gaztelua da. Ez dute gure aurkako ezer, gizarteak behin eta berriz ez du “dena ETA da” estrategia babestu eta gehiengoa horren aurka dago. Makrosumario hauek guztiak gelditu egin behar dira. Auzia itxi eta absoluzioa lortzeko itxaropena dugu.
Testuinguru berria lagungarri izango zaizuela uste al duzu?
Bai, izan daiteke; baina egiazko justizia izaten lagunduko duena herritarren aktibatzea da. Edozein egoeratan eskubide zibilek eta politikoek onartuak izan behar dute, baina honetan, bereziki, herritarren gehiengoak mobilizatzeko prest egon behar duela uste dugu. Alde guztiek pausoak eman behar dituzte, eta halako makrosumarioekin amaitzeko eskatzea oso beharrezkoa da.
Herri harresia osatzeko atxikimenduak biltzen ari zarete.
Herritarrengana jo dugu euren konpromisoa eskatzeko, eta puzzle erraldoia sortzea bururatu zitzaigun. Honen bidez, hori osatzera etorriko diren 1.200 lagunen konpromisoa lortu dugu. Pieza eramateaz gain, sarea saretzen joan eta beste bi pertsonen atxikimendua lortu behar dute. Horrela herritarrak inplikatzen ditugu, ez bakarrik etorriz, herri harresi horren adreiluak izango diren pertsonak lortzen lagunduz ere.
Ekintzen garaia da, beraz?
Herritarrak asanbladatan eta mobilizazioan batuta, estatuak herri honen eskubideak berriro ez kolpatzeko harresia sortzea lortuko dugu. Normaltasuna eta bakea lortzeko, geldi egon ordez, mobilizatzea beharrezkoa dela uste dugu.
Larunbateko ekitaldia pauso bat gehiago emateko aukera da, ezta?
Larunbatean atxikimenduak lortu eta ekimen indartsua egitea espero dugu. Ea eguraldiak lagundu eta ekimena borobila dugun! Puzzle erraldoiaren osaketa egingo dugu, 11:30ean hasita; eta horri laguntzeko, dantzariak, bertsolariak, musikariak –tartean Gose taldea–, giro ona, pintxoak… izango dira. Protesta jai giroan egin ondoren, 13:30ean, ekitaldia egingo dugu gure mezuaren berri emateko. Beraz, herritarrak parte hartzera eta indarrak batzen jarraitzera deitzen ditugu.