Donostiatik Hondarribiko aireportura joateko garraio zerbitzu publikoa hobetzeko eskatu dute
PSE-EEk Donostia eta Hondarribiko aireportuaren arteko lotura hobetzeko aurkeztu duen erakunde adierazpena onartu dute
Vueling konpainia Hondarribiko aireportuan lanean hasi da. Prezio erakargarriak eskaintzen ari da, eta horrek bidaiari gehiago erakarri dituelakoan dago PSE-EE. Horregatik, Donostia eta Hondarribiko aireportuaren arteko lotura hobetzeko erakunde adierazpena aurkeztu dute udalbatzarrean.
Autobus linea bakarrak lotzen du Donostia Hondarribiko aireportuarekin, eta EAJeko Martin Ibabek aireportuak urtean 248.000 bidaiari hartzen dituela azaldu du.
PPko Iñigo Arcauzek Bilduk soilik Biarritz eta Leioaren aireportuaren alde egiten duela esan du. PPren ustez, Euskotren ere Donostia eta aireportua lotzeko erabili beharko litzateke.
Bilduko Jon Albizuk esan du Gipuzkoako Aldundiari eskatu diola aireportuko datu berriak aztertzeko. Eta horren aldeko emendakina aurkeztu du udalbatzarrean. PSE-EEren erakunde adierazpenaren aurka ez daudela argitu du: “Gure emendakinak PSE-EEren proposamena osatuko duela uste dugu”. Albizuk Hellit konpainiaren kasua ekarri du gogora: “Soilik hiru hilabetez egon zen Hondarribian. Eta lehen hegaldian bi bidaiari eta konpainiako buruak joan ziren”.
Botoak emateko orduan, nahigabe, Bilduren emendakinaren aldeko botoa emateko altxa du eskua Gascok, eta Izagirrek zuzendu behar izan dio. Bilduren emandaknaren aurkako botoa eman dute alderdiek, eta PSE-ren proposamenaren aldekoa eman dute.