Ferran Adria Basque Culinary Center-ean izan da bisitan
Ferran Adria sukaldari katalanak Basque Culinary Center (BCC) sukaldaritza unibertsitatea bisitatu du gaur
Adria BCCren Aholkularitza Kontseiluko lehendakaria da, eta eraikitze lanetan izan bazen ere, ireki zenetik lehendabizikoz gaur bisitatu du Miramongo ikastegia. “Zuzendariari esan nion erabat martxan egon arte ez nuela ikusi nahi, akatsak fintzen hasi arte alegia”, adierazi du bisitariak.
Adriak azaldu duenez, BCC mundu osoan erreferentzia gunea bilakatzeko aukera handia dauka, baina horretarako “lan eta laguntza asko beharko da”. Hala ere, administrazioaren diru laguntza baino gehiago enpresa pribatuen inplikazio ekonomikoa eta administrazioen babesa eskatu du katalanak.
Hainbatetan munduko sukaldaririk onentzat jo dute Adria, eta honek BCCko ikasleekin hitz egiteko aukera izan du ere. Hain zuzen ere, katalanak hainbat jatorritako ikasleei aholku bat eman die: “Oporretara zoaztenean opor egin, baina bestela lan, lan eta lan”.