Jon Zubillaga: "Hamar hilabete igaro ditzakegu dirurik ikusi gabe"
Jon Zubillaga eta Yon Txoperena: Lemoako jokalariak
Bizkaiko Lemoa futbol taldeko jokalarientzat ezin bolada gogorragoa izaten ari da; ez dute soldatarik jaso denboraldi hasieratik, eta Jon Zubillaga eta Yon Txoperena dira horietako bi.
Eskolan hasi ziren futbolean jokatzen Jon Zubillaga (Aiete, 1986) eta Yon Txoperena (Trintxerpe, 1985) donostiarrak. Euren ibilbideetan, Antiguokon eta Sansen jokatu dute elkarrekin, eta ondoren, Bigarren B Mailako hainbat taldeetatik igaro ostean, Lemoan berriro ere elkar topatu dute, 2011-2012 denboraldian. Hasieran polita zirudiena, infernu hutsa bilakatu da jokalarientzat, eta ez aurrera ez atzera geratu dira. Hau da, Lemoan nahitaez geratu behar dute, trukean xentimorik ere jaso gabe, klubak ez baitie beste talde batera joateko baimenik ematen. Horrek guztiak eragina izan du taldeko giroan eta emaitzetan, eta Liga bukatzeko hiru jardunaldi geratzen diren arren, argi dago taldea gutxienez Hirugarren Mailara jaitsiko dela; hori, dituen zorrengatik lehenago desagertzen ez bada. Zubillagak eta Txoperenak atsegin handiz hitz egin dute Irutxuloko Hitzarekin.
Aspalditik jokatzen duzue futbolean. Zein izan da bakoitzaren orain arteko ibilbidea?
Jon Zubillaga (J.Z.): Nire aita futbolaria izandakoa da, eta beti genuen baloiren bat etxean. Benjamina nintzela Logroñon hasi nintzen jokatzen, orduan han bizi bainintzen. Donostiara itzultzean, Antiguokoko beheko mailetan ibili nintzen, eta jubenila nintzela Realera igaro nintzen, Sansera iritsi arte. Gero, hainbat taldeetatik igaro naiz, Malaga B, Real Union, Mazarron (Murtzia), Vecindario (Palmas), Agilas (Murtzia), Mostoles, Tafallako Peña Sport, eta Lemoa. Talde bakoitzean urtebete edo sei hilabete igaro ditut. Azken urteetan berriro ere etxean bizi izan naiz gurasoekin, beraz ez dut etxeko gasturik behintzat.
Yon Txoperena (Y.T.): Ni eskolan hasi nintzen, San Ignacio de Loyolan, hondartzan…. Baina benjamina nintzela Antiguokon hasi nintzen. Han hamar urte eman nituen, eta jubenil mailako azken urtean, Realekoek fitxatu ninduten. Gero, Barakaldon eta Mazarronen egon nintzen; Salamancako Guijuelon hiru urte igaro ostean, etxera itzultzea erabaki nuen, eta Lemoan bukatu dut.
Nolatan joan zineten Lemoara?
J.Z.: Denboraldi aurrera hasi eta bi asteetara iritsi nintzen, ordezkari baten bidez. Banekien Txope bertan zebilela, eta azken urteetan taldeak egindakoaren arabera, itxura ona zuen. Agian hilabeteren batean jokalariek ez zuten kobratu, baina denboraldi bukaerarako guztia izaten zuten. Gainera, kirol emaitzak nahiko onak ziren; sailkapen erdialdetik gora ibili zen taldea, eta urteren batean play offean sartzeko borrokan ere aritu zen.
Y.T.: Eibar eta Real Union utzita, inguruko taldeen artean sartzea posible zen gutxitakoa zen. Gainera, Athleticen harrobiko taldeetako bat da eta bagenekien hortik jokalari bat baino gehiago atera zirela. Hasieran, Donostiatik egin beharreko ordubeteko bidaia zen alderdi txar bakarra, baina egiteko modukoa zen.
Damutu zarete hartutako erabakiaz?
Y.T.: Gertatutakoa ikusita, argi dago fitxatu izanaz damutu garela. Hasieran itxura ona zuen, baina urrian diru arazoen inguruko zurrumurruak hasi ziren.
Denboraldi hasierara joko dugu. Hasiera ona egin zenuten, ezta?
J.Z.: Ohiko denboraldi aurrea egin genuen, eta Liga hasieran, sailkapenaren erdialdetik genbiltzan. Teorian, lehen soldata urrian jaso behar genuen. Cementos Lemoak eta udaletxeak sostengatzen zuten klubaren aurrekontuaren %60a, eta jakin genuen, ezingo zutela agindutako dirua eman. Hala ere, lasai egoteko esan zigutenez, ez genion garrantzi gehiegirik eman, telebistatik eta beste bide batzuetatik dirua sartuko zela baitzioten. Baina denborak aurrera egin ahala, berdin jarraitu genuen. Gainera, jakin genuenez, denboraldia hasi baino lehen bazekiten ez zutela aurreko urteetako aurrekonturik izango, eta hala ere, diru hori izango balute bezala egin zituzten kontuak, gezurrak esanez. Klubeko presidenteak gurekin izan zuen bilera bat, eta negarrez jarri zitzaigun, baina inork ere ez zion sinetsi. Egunero puro handi bat ahoan duela azaltzen da klubera…
Orduan zein izan zen zuen jarrera?
J.Z.: Abenduan AFEren bidez, Espainiako Futbolarien Elkartea, salaketa jartzeko lehen aukera genuen. Horren bidez, urtarrilean Lemoak ez luke fitxaketarik egiteko aukerarik izango. Baina ez genuen kontuaren ideia oso garbirik, eta Txope izan zen salaketa jarri zuen bakarra, izan zuen lesioagatik. Orduan, entrenatzaile berri bat ekarri zuten, taldea suspertzeko.
Zer gertatu zitzaizun Yon?
Y.T.: Orain arte Jonek kontatuko ia guztiaren berririk ez nuen izan, kolpea abuztuaren 28an jaso bainuen. Sestaoren aurka jokatzen ari ginela, hortzetan ostikada bat eman zidaten. Gurutzetako Ospitalera eraman ninduten, ebakuntza egin zidaten, eta hurrengo egunean etxera bidali ninduten; baina Bizkaiko jokalaria izanik, hara joan behar izaten nuen beti. 250 euroko gastua babesten zigun mediku asegurua genuela jakin nuen; eta nirea konpontzeko 5.000 euro beharko nituela. Hasieran hortzetan jarri zidaten aparatua nik ordaindu nuen, eta azkenean presidente ordeak ordaintzea lortu nuen. Hala ere, horren truke, salaketa kendu behar izan nuen.
Zuen egoera salatzeko prentsaurreko bat eman zenuten. Beste zerbait egin duzue?
J.Z.: Duela bizpahiru aste, Alavesen aurkako partida baino lehen, pankarta bat atera genuen, zor ziguten dirua eskatuz, eta 30 segungoz makurtu egin ginen. Horregatik eskutitz bat bidali ziguten, arreta deituz, noiz, eta Federazio Kopako finala jokatzera joan baino egun bat lehenago.
Zer da zehazki Federazio Kopa?
J.Z.: Esan daiteke profesionalek jokatzen duten Koparen antzeko zerbait dela, baina bigarren maila batean. Bigarren B eta Hirugarren Mailako edozein taldek parte har dezake. Talde askok denboraldian partida gehiago jokatzeko erabiltzen dute, baita diru pixka bat lortzeko ere. Irabazi izan bagenu, 30.000 euro beharrean, 90.000 euro irabaziko lituzte taldeak.
Y.T.: Taldean 21 jokalari gaude, gehi talde teknikoa, eta klubean esan ziguten, guztientzako hilabete bateko soldatak 30.000 euroko gastua zuela, gutxi gora-behera.
Soldatarik ez izateaz gain, zer gehiagotan sumatu duzue diru falta klubean?
Y.T.: Guztiarentzako dirua dago, gu eta gu inguratzen gaituen gauzentzako izan ezik. Fisioterapeutak ez dauka bendarik, zelaia ez dute zaintzen eta oso egora txarrean dago.
J.Z.: Txiste bat dirudi, baina bi astez, fisioterapeutak Vicks VapoRub botetxo bat baino ez zuen izan gu tratatzeko. Edozer gauza zenuela ere, horrekin konpondu behar zuen. Jokalari askok kanpoko fisioterapeutengana jo dugu, errekuperazio azkarragoak izateko.
Baduzue zor dizueten guztia jasotzeko aukerarik?
J.Z.: Orain, bermatua dagoen diru sarrera bakarra, Federazio Kopako txapeldunordeak izateagatik daukaguna da, 30.000 euro guztira; hau da, hilabete bateko soldata bakoitzarentzat. Hortik aurrera, Fogasa-ri esker kobratu dezakegu azken bost hilabeteetako soldata. Fogasa, soldatak bermatzen dituen Espainiako Gobernuaren sail bat da, baina hiru urte ere igaro daitezke dirua iristerako. Maiatzean AFEren bidez salaketa jartzen badugu, gainontzeko diru guztia lor dezakegu, ekainean, baina ez digute %100 kobratuko dugunik ziurtatzen. Beraz, hamar hilabete igaro ditzakegu dirurik ikusi gabe; hori, Federazio Kopako dirua iristen bada. Eta guztia, presidentearen kudeaketa txarragatik. Bestela, Athleticeko eta Realeko elastiko batzuk lortu genituen, zozkatzeko, eta lortutako dirua gure artean banatuko dugu. Klubak desagertzeko aukera asko ditu, eta gutxienez Liga bukatzean, entrenatzaileak ekaina arte entrenatzera joatea ez behartzea espero dugu.



