PP bakarrik geratu da Amara Berriko bidegorriari alternatibak bilatzeko
PPk Amara Berriko ibilbidean aldaketak egiteko mozioa aurkeztu du, baina beste taldeek ez dute onartu
Bidegorriak ere izan dituzte hizpide udalbatzarrean. Amara Berrin, Sahats plazatik pasatzen den bidegorriaren inguruan ezatabaidatu dira udal taldeak. Antso Jakitunaren hiribidera eta Jose Maria Salaberria kalera ateratzen den bidegorrian aldaketak egitea nahi du PPk: “Bizilagunak ez daude gustura. Albizuri eskatu genion alternatibak aurkezteko. Udal taldeen artean alternatibak aztertu nahi ditugu. Bidegorria arriskutsua da eta aldatu daitekeela uste dugu, baina eztabaidatu nahi dugu, eta gero erabaki egokiena hartu nahi dugu. Gaur bertan eta udalbatzarra hasi baino lehen jaso dut Mugikortasun sailak egindako informe teknikoa, eta horregatik ez dugu denborarik izan alternatiba horiek aztertzeko”.
Bilduko Jon Albizuk ere kezka agertu du bidegorriaren inguruan: “Teknikari batekin aztertu genuen zein aukera zeuden. 5. zubia eraiki zenean erabaiki zen Easoko bidegorria norabait eraman behar zela. Ni ez nator bat egun dagoenarekin”. Momentu honetan halere lehentasunak markatu beharko dituztela adierazi du Albizuk. Bildurentzat Nafarroako hiribideko bidegorriak lehentasuna duela esan du.
PSE-EEko Denis Itxasok ere bidegorriak Amara Berriko gune horietan eragiten dituen arazoak plazaratu ditu: “Amara zeharkatu nahi genuen Bidegorriarekin. Oinezkoekin, kontainerrekin eta beste hainbat oztoporekin topo egin du, badakigu. Baina gu arriskatu egin ginen. Orain udal gobernuak erabaki beharko du zer egin hura hobetzeko. Antso Jakitunaren erdibidea kendu eta 54 aparkaleku kendu? Bizikletentzako semaforoak jarri? Azpeitia kaletik egiten badegu motoentzako aparkalekuak kendu beharko ditugu… Lan teknikoa eginda dago baina orain busti egin behar dira. Zeintzuk dira gure lehentasunak? Hori guztia erabaki beharko dute”.