Ramon Gomez Ugalde: "13 urte daramate Papinen bide berria egiteko eskatzen"
Papingo industria gunera iristeko bide berria egiteko proposamena onartu dute udalbatzarrean
Gaurko ohiko udalbatzarra aipamen berezi batekin hasi da. Juan Karlos Izagirre alkateak Gernika, Eibar eta Elgetako bonbardaketak ekarri ditu gogora. Udalbatzarra normaltasun osoz hasi da. Hasi eta minutu gutxira, ordea, PPko Ramon Gomez Ugaldek udalbatzarra eten egin du, megafonian arazoak zirela-eta. Teknikariek arazoa konpondu dute, baina Gomezek honako iruzkina idatzi du Twitter-en: “Udal gobernuari ez zaio ulertzen, baina megafoniarik gabe are gutxiago”.
Papingo industria guneak hartu du protagonismoa. EAJek Papinen bial edo bide berria egiteko proposamena aurkeztu du, eta onartu egin dute. Alderdi guztiek aldeko botoa eman dute, Bilduk izan ezik. Udal gobernuak abstentzioa eman du. EAJeko Iñaki Gurrutxagak Papingo industria gunearen garrantzia azpimarratu du, eta gune horretara iristeko bideak hobetzeko beharra azaldu du: “20 bat enpresa daude bertan. Oso gaizki lotuta dago. Pasaiatik sartu behar da. Lehentasuna da guretzat hirigintzak garapen ekonomikoa erraztea. Ahal dugun guztia egin behar dugu enpresek krisi ekonomikoa ez sufritzeko eta Papin hobeto komunikatzeko. Papinen biala eraiki behar da. Eta lehendabizi bertako lurrak desjabetu behar dira. Ez dago arrazoirik proposamen hau ez onartzeko. Poligonoa lotu beharra dago”.
Bilduko Ricardo Burutaranek proposamen hau aurkeztea beharrezkoa den zalantzan jarri du. Izan ere, udal gobernuak behin behineko udal aurrekontuan Papinerako diru sarrera bat aurreikusita zegoela gogora ekarri dio EAJi. Biala eraiki ahal izateko lur batzuk desjabetu behar dira eta desjabetzea egiteko 100.000 euroko aurrekontua zuen Bilduk.
PPko Ramon Gomez Ugaldek ere Papin gaizki komunikatuta dagoela azaldu du eta udal gobernuak arazoa konpondu behar duela esan du: “Pasai Antxotik pasa behar dute Papinera iristeko. Pasaiatik eta Donostiatik zailtasunak jarri dizkiote Papini. Bi udal horietan Bilduk gobernatzen du. Guztion artean onar dezagun proposamen hau. 13 urte daramate Papinen bide berria egiteko eskatzen. Ekonomiaz ari gara, enpleguaz”.
PSE-EEko Ernesto Gascok Bildu Donostiako hiritarrak zigortzen ari dela esan du: “Zailtasunak jartzen ari da. Bilduren interesak lehenetsi dituzte gai honetan. Donostiako eta Pasaiako Bilduri komeni zaiolako. Donostiak duen gauzarik okerrena udal gobernua da”.