Auzo elkarteak ez du Ulian luxuzko hotelik nahi
Ulian luxuzko hotel bat egiteko asmoaren kontra egin du Uliako auzo elkarteak. Proiektua sustatzen duen Fausto Modinoren nahiak Plan Orokorraren kontrakoak direla salatu dute. Auzotarrek, gainera, behin baino gehiagotan jo dute auzitegietara Modinok Ulian eraiki dituen igerileku, garaje eta beste zenbait azpiegitura beharrezko baimenik gabe eraiki dituelako.
Horrelako hirigintza egitasmoetarako Ulia leku erakargarria dela diote auzo elkarteko kideek. Hotela egin nahi duten eremua, ordea, babestuta dagoela eta hiriko ondare izaten jarrai dezan zaindu beharra dagoela nabarmendu dute. Indarrean dagoen Plan Orokorrak eta Lurzoruaren Legeak eremu hori babesten dutela jakinarazi dute. Horrelako hotel bat egiteko, Martutenen ala Loiolako Erriberan, esaterako, lekua badagoela adierazi dute.
Bilduk hotela egiteko proiektuaren aurka egin du, halaber.