Koro Navarro: "Beldurra sentiarazten dute, eta nire ustez, gazteek oso gustukoak dituzte"
Koro Navarro: Itzultzailea
Edgar Alan Poe idazle esanguratsuaren zortzi misterio kontakizun itzuli zituen Koro Navarrok duela hamabi urte, eta ‘Kontakizunak’ liburuan bildu zituen; Elkarrek eguneratuta berargitaratu du.
Garai batean argitaratutako liburuak egungo euskararamoldatuz, Urrezko Biblioteka izeneko saila osatzen ari da Elkar. Horien artean dago Koro Navarroren (Parte Zaharra, 1955) itzulpen lanetako bat. Edgar Allan Poeren inguruan, eta orokorrean, itzulpengintzaz hitz egin du Navarrok Irutxuloko Hitzarekin.
Nolatan hasi zinen beldurrezko istorioak itzultzen?
Pentsatzen dut bere garaian, lehen aldiz, argitaratzailearekin hitz eginez erabakiko nuela liburu hori itzultzea. Bigarren txandan, berriz, literatura unibertsala itzultzeko lehiaketara aurkeztu nintzen. Motza eta ingelesezkoa zelako aukeratu nuen, eta itzultzeko aukera eman zidaten. Erakargarria irudiko zitzaidan, eta zaharra denez, ez zegoen eskubideengatik ordaindu beharrik, beraz, ekonomikoa zen, eta da. Ni ez naute bereziki erakartzen beldurrezko istorioek, kasualitatea izan da. Liburua gogoko dut, kalitate handikoa baita, ez da beldurra eta kitto.
Edonola ere, irakurlea beldurtzen duten istorioak dira, era berezian idatziak daude, ezta?
Beldurra sentiarazten dute, eta nire ustez, gazteek oso gustukoak dituzte.
Zortzi istoriok osatzen dute liburua. Baduzu batenbat bereziki gogokoa?
Zazpi istorio labur dira, eta azken bat, luzeagoa. Guztiak klasiko handiak dira, eta ia-ia edozein gomendatuko nuke. Bihotz salataria, edota Putzua eta pendulua aipatuko nituzke; Usher etxearen hondamena, esaterako, oso ezaguna da. Azkenaren estiloa ez dut hain gogoko, desberdina da eta agian gauza batzuetarako alperra naizelako edo. Gauza asko ondorioztatu behar diren misterio horietan galdu egiten naiz, momentu batzuetan ez dakit zer gertatzen ari den ere! Film askotan gertatu izan gertakizunetan galdu eta ez ulertzearena, oso erne egon beharra dago.
Edgar Allan Poe gehiagotan itzuli izan duzu. Zailtasun handia du?
Niretzat ez da oso zaila itzultzen, hala dirudien arren. Askoz ere zailagoak itzuli izan ditut. Uste dut beste batzuk baino errazagoa dela, oso idazkera klasikoa duelako, eta esan nahi duena oso ongi ulertzen delako. Oso argia da, eta horrek asko laguntzen dit.
Badago bereziki kostatzen zaizun zerbait?
Gauza asko, baina aspaldian ez naiz beldurtzen; uste dut liburuak itzultzeko makina bat naizela. Hasieran ez nintzenean zerbait itzultzeko gai, kezkatu eta estutu egiten nintzen, eta buruko mina jartzen zitzaidan… gero, ikasi dut, nola edo hala ateratzen dela, hobeto edo okerrago. Agian, momenturen batean ez duzu inspiraziorik eta beste batean bai, ez dakit zergatik. Behin ere inspiraziorik ez badago, beti dago lagunen bat galdetzeko. Zailtasunak beti daude, eta batzuetan oso handiak, baina beti dago irtenbideren bat.
1980ko hamarralditik zabiltza itzulpengintzan, zer ikasi duzu?
Denetik; euskara, gaztelania eta ingelesa ikasi ditut. Nire bizitza pribaturako ere gauza asko ikasi ditut, itzulpenen bidez edo liburuen bidez. Barruraino sartzen zara eta bestelako mundu batzuk ezagutzen dituzu; irakurle baten moduan, baina modu sakonagoan. Azken batean, itzultzailea irakurle serio bat da, eta indar handiagoz bizitzen ditu gertakizunak.
Zenbat aldiz irakurri, idatzi eta berridatzi behar izaten duzu gustura geratzeko?
Askotan, askotan. Gainera, geroz eta gehiago, adinarekin alderantziz ari naiz, gehiagotan errepasatu behar izaten dut. Ez dakit seguru zergatik den, edo tuntuntzen ari naizen, edo geroz eta zorrotzagoa naizen; agian, bi gauzak.
Argitalpena
- Izenburua. Kontakizunak.
- Egilea. Edgar Allan Poe (Boston, 1809-Baltimore, 1849).
- Itzultzailea. Koro Navarro (Parte Zaharra, 1955)
- Argitaletxea. Elkar.
- Prezioa. 12’20 euro.
- Orrialde kopurua. 176.