Amaia Agirre: «Eskola txikien ospe txarra ezjakintasunaren ondorio da»
Amaia Agirre eta Irene Ilarramendi – Eskola txikiko gurasoak
Gipuzkoako 25 eskola txikietako taldeek mendi bana igoko dute asteburuan, euren festaren mende laurdena ospatzeko.
Ekainaren 3an eskola txikien jaia egingo dute Larraulen. Festak 25 urte beteko ditu, eta hori ospatzeko hilero hainbat ekimen gauzatzen ari dira. Ikastetxe hauen garrantziaz mintzatu dira IRUTXULOKO HITZArekin, hurrenez hurren, Igeldoko eta Zubietako eskola txikiko guraso diren Amaia Agirre (Tolosa, 1977) eta Irene Ilarramendi (Añorga, 1969).
Eskola txikien 25. festa ospatuko duzue ekainean Larraulen. Zertarako?
Amaia Agirre (A. A.): Elkarrekin gaudela, eta txikitasunaren indarra erakusteko balio du. Lehena, 1988an Bidegoienen ospatu zen. Herri eta auzo txikien biziraupenerako herritarrak hezi eta errotzeko eskola herrian edo auzoan izateak duen garrantzia gogoratzeko. Horretarako da gure festa. Baita haurrak elkartzeko eta antolatzeaz arduratu den eskola laguntzeko. Indarra eman eta jendea elkartzen du.
Irene Ilarramendi (I. I.): Ikasleek eskualdeko beste eskola txikiak bisitatzen dituzte, elkarren berri dute. Festak eskolak koordinatzeko balio du. Aldarrikatzeko, ospatzeko eta koordinatzeko beste modu bat da.
Festaren mende laurdenaren harira zer prestatu duzue?
A. A.: Hilabeteka ekimen bat antolatu dugu. Otsailean Kaxa bidaiaria martxan jarri genuen.
I. I.: Eskolaz eskola doa, eta bakoitzean, eurek jaia antolatu zuteneko zerbait sartuko diote: orduko kanta, erabilitako kamiseta, ikasleek idatzitako zerbait…
A. A.: Horretaz hitz egiteko aitzakia da, eta Larraulen irekiko dute jaiaren egunean. Martxoan mendi ibilaldia egin, eta Arrano etxean hegaztiak askatu genituen. Apirilean, berriz, hitzaldiez eta mahainguruez osatutako jardunaldiak egin ditugu.
Asteburuan da maiatzeko hitzordua. Zer egingo duzue?
A. A.: 25 urte, 25 tontor ekimena egingo dugu. Eskola bakoitzak bere inguruko mendi tontor batera txangoa egingo du asteburu honetan. Gailurrean, eskola txikien pankartarekin-edo, argazkia egingo dute, eta horrekin, bilduma egingo dugu. Guk Onyi igoko dugu.
I. I.: Andatza eguna ospatzen denez, Zubietakoak hara igoko gara.
Noiz ireki zuten zuen eskola txikia?
I.I.: Ziur ez dakigu. 1936ko gerraren aurretik Zubietako eskola nazionala bazen. 1933ko argazki bat dugu, eta garaiko 30 bat ikasleak agertzen dira. 1980ko hamarkadan eskola txiki izatera pasatu zen.
A. A.: Trantsizio garaian etena izan zen, eta 1980an ireki zuten berriro, baina ez dakigu aurretik noiz jarri zen martxan.
Zergatik erabaki zenuten zuen seme-alabek eskola txikian ikastea?
I. I.: Hurbiltasunagatik, gure etxetik 50 bat metrotara dago eskola. Herriari bizitza eman behar zaio eta pedagogikoki ere sistema gustatzen zait: proiektuetan oinarrituta eta adinak nahastuta.
A. A.: Arrazoi bertsuengatik. Gu ez gara eskolatik oso gertu bizi, baina hona edo inguruko eskoletara distantzia antzekoa dugu. Gertukoa iruditzen zait, eta adin desberdinekoak nahastuta daudenez, ez dute beti rol bera jokatzen; batzuetan gazteenak dira, eta beste batzuetan zaharrenak. Horrez gain, berekoikeriagatik ere, kanpokoa izanik, nonbait egin behar nuen nire lekua. Herri giroa gustatu zitzaigun, guretzat eta beraientzat ona zelako hemen errotzea.
Adin desberdineko haurrak nahasteak susmo txarra piztu ohi du, ordea.
I. I.: Homogeneotasun eta heterogeneotasun kontua da. Non ikasten da gehiago?
A. A.: Eskolaz kanpoko beti beste adineko pertsonekin nahastuta gaude. Eskola handietan, batzuetan, adin bereko haurrak berdin tratatzen dituzte, homogeneotasunez, eta ez dira berdinak. Hemen, interesa duenak aukera du aurrera egin eta zaharragoengandik ikasteko, norberari egokituagoa da.
I. I.: Zaharrari ere bere ezagutzak errotu egiten zaizkio.
A. A.: Nire ustez, eskola txikien ospe txarra ezjakintasunaren ondorio da. Etxekolan gutxi ematen direla ere esaten da… Ikasle gutxi izanik, eskola orduetan lan nahikoa egiteko denbora ematen die.
Zein abantaila ditu eskola txikiak haurrentzat?
A. A.: Eskolak eta herriak bat egiten du. Dena leku berean edukitzea errotzeko garrantzitsua da. Adin nahasketak ere laguntzen du. Elkarrekin jolasten dute, denek denen izenak dakizkite.
I. I.: Jarduera asko egiten dituzte elkarrekin, eta proiektuka egiten dute lana. Iaz zirkua prestatu zuten, eta proiektua amaitzeko, gurasooi erakutsi ziguten. Guztiek euren papera zuten. Eskola osoaren ekimena zen, gurasoak ikustera joan ginen, batzuek eskujokoak egiten irakatsi zieten… Denok parte hartu genuen.
Gurasoek hezkuntzan gehiago parte hartzen duzue, beraz.
I. I.: Eskola oso gertukoa da, gurasook asko parte hartzen dugu. Pertsonalizatuagoa ere bada, irakaslea oso gainean dagoelako. Haurrak zertan ari diren badakizu, eta askotan irakasleak laguntza eskatzen dizu.
A. A.: Eguneroko harremana duzu irakaslearekin. Ez da zer egiten duten bakarrik, zerbait gertatzen bada ere badakizu. Haurrek konfiantza hori ikustea ona da. Parte hartzeak alde ona eta txarra du, gauzak egitea egokitzen zaigulako; ez da eskola handietan bezala. Han batzuek guraso elkartea dagoenik ere ez dakite.
Zein erronka ditu zuen eskolak?
I. I.: Lekua. Eraikin zaharrak hiru gune ditu, eta horrekin batera, aurrez fabrikatutako bi eraikin ditugu. Eraikin finkoa zabaltzea da gure beharra. Ume dezente daude, eta urte batzuetan hori mantentzea espero dugu. Zailtasuna, lursailaren zati bat Usurbilena, eta bestea, Donostiarena dela da. Hala ere, udalen aldetik borondate ona ikusi dugu.
A. A.: Gure erronka barne antolakuntza izan daiteke, eskola txikia zer den ulertzea hainbat gurasok. Bestalde, gehienon erronka beste eskola publikoetan ematen diren zerbitzu berak eskaintzea da: jangela, goizeko zaintza… Hezkuntza Sailak oso garestiak garela esaten digu. Ezin zaio horri bakarrik begiratu. Ume gutxirentzat izanik garestia den arren, harrobia da.
Nolako harreman duzue Hezkuntza Sailarekin?
A. A.: Oraingo egoera ez da berezia, aspalditik datorren borroka da. Eskola txikiek urtetan borrokatu behar izan dute, gainontzeko eskolek dituzten zerbitzuak baliabideak izateko.
I. I.: Egungo politika eskolak elkartzea da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bakarrik eskaintzen zutenak Lehen Hezkuntzakoekin edo Batxilergokoekin elkartzea da irizpidea. Makrozentruak egitea da joera, eta eskola txikiak ez datoz bat filosofia horrekin, hori hausten dute.



