Realak berdinketa lortu du Atletico Madrilen kontra, luzapenean lortutako gol bati esker (1-1)
Realak puntu bat poltsikoratu du Vicente Calderonen, Atletico Madrilen kontra berdindu eta gero (1-1). Madrildarrek lortu dute lehen gola, 54. minutuan, Gabiri esker. Txuri-urdinek, aldiz, bukaeraraino borrokatu dute eta luzapenean berdinketa lortu dute. Carlos Vela izan da goleatzailea, Joseba Llorenteren pase bati esker. Partidaren azken hamahiru minutuak jokalari bat gutxiagorekin jokatu dute etxekoek, Atletico Madrilen goleatzaile Gabi kanporatu baitu epaileak, bigarren txartel horia erakutsita.
Jaitsiera postuak joan den astean matematikoki atzean utzi ondoren, Realak ez zuen ezer jokoan; bai, ordea, Atletico Madrilek. Espainiarrek Txapeldunen Ligan jokatu nahi dute datorren denboraldian, baina donostiarrek ametsa zail jarri diete. Montanierrek zuzendutako jokalariek merezita eskuratu dute berdinketa.