Herritarrak kalera irten dira
LAB, CCOO, UGT, CNT, STEE-EILAS sindikatuek eta hainbat herritarren plataformek protestak egin dituzte hirian. Lan eskubideak, krisia eta murrizketak izan dira Maiatzaren Leheneko ardatza.
Milaka donostiar kalera irten ziren atzo, Langileen Nazioarteko Egunean, sindikatuek eta herritarren plataformek deituta. Mobilizazio ugari izan ziren, baina jende gehien batu zuena LABek antolatutakoa izan zen. Protesten ardatza lan eskubideak, krisia eta murrizketak izan ziren.
Bulebarra bilakatu zuten aldarrikapenen gune nagusia. Kioskoa eta espaloiak leloz bete zituzten afixek, herritarrek kalea hartu aurretik. Goiz osoan zehar, erloju ondoan, Stop Desahucios plataformako kideak etxebizitza eskubidea arautzen duen legea aldatzeko sinadurak biltzen aritu ziren; eta haien parean, CNT sindikatuak informazio postua jarri zuen. Ijentea kalearen hasiera aukeratu zuen ere Plazandreokek elkarretaratzea egiteko. Hainbat elkartek babestuta, zaintzari eta etxeko lanari balioa emango dien sistema berri baten alde egin zuten hogei bat emakumek. Oihal moreekin batera, Islandiako banderak ere baziren. Ainhoa Beola zinegotzi ohiak azaldu zuenez, “herrialde horretan emakumearen egoera hobea delako”.
Udaletxearen beste aldetik irten zen eguerdian UGT eta CCOO sindikatuen mobilizazioa. Hauen ordezkariek negoziazio mahaietan lan erreformako puntu atzerakoienak indarrean ez jartzeko eskatu zioten Adegiri. Bestalde, egungo egoeraren irtenbide gisa, UGTko Modesto Matinezek “zerga sistemaren erreforma sakona egitea eta enpresen lehiakorrago bilakatzea” proposatu zuen. CCOOko lurralde ordezkari Jose Maria Garciak, aldiz, “lan erreformaren aurka eta zerbitzu publikoen nahiz autogobernuaren alde” egin zuen.
Ordu berean, Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren lurralde ordezkaritzaren aurrean, STEE-EILASeko kideek protesta ekintza egin zuten. Diru publikoaren erabilera egokia aldarrikatzeko, lapurrez jantzita, hainbat banketxeetatik dirua ostea irudikatu zuten; jarraian, Jaurlaritzari itzultzeko.
LABen protesta, jendetsuena
Erdialdeko kaleak zeharkatu zituen mobilizazio segidan, ELAko lan ordezkarien eta afiliatuen arrastorik ez zen izan; hauek Bilbo aukeratu baitzuten Maiatzaren Lehena ospatzeko. Herritar andana batu zituen, aldiz, LABek deitutakoak. Ehunka lagunek parte hartu zuten Langileon Euskal Herria helburu. Lotu borrokari! leloa zuen eskualdeko manifestazioan. Aurpegi ezagunak ez ziren falta izan. Besteak beste, Juan Karlos Izagirre alkatea, Martin Garitano ahaldun nagusia, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide eta ezker abertzaleko kide Joseba Alvarez, Rufi Etxeberria, Xabier Mikel Errekondo eta Joseba Permach.
Hasi aurretik, Permachek murrizketek “sistema mantendu” eta konponbiderik ekarriko ez dutela baieztatu zuen. Horien aurrean, eredu eta aukera sozialaren aldeko apustua egin zuen. “Horretarako burujabetza behar da, eta horren bidez, eredu eta sistema berri bat eraikitzeko eztabaida integrala irekitzea. Baldintzak badaude”, adierazi zuen ezker abertzaleko kideak.
Etxaide iritzi berekoa zen. “Euskal Herrian aukera, behar eta eragile politiko, sozial, ekonomiko eta sindikal nahikoa ditugu gure agenda eta irtenbide propioa aurkitzeko”. Horretarako, urrats eta erabaki berrien unea dela adierazi zuen LABeko idazkariak. “Bi aukera ditugu, Raxoiren ostiraletako erabakiek edo guk hartzen ditugunek zuzentzea Euskal Herrian krisi honen aurrean gertatzen dena”.
Manifestazioa Okendo kaleko Lanbideren bulego aurretik igaro zenean, bertan protesta egiten ari ziren Gipuzkoako langabeen batzarreko kideen eskaerekin bat egin zuten partaideek. Pankarten alde batetik eta bestetik, txaloak eta esku-estutzeak ere izan ziren. Batzarreko kideek, “Lanbideren eraginkortasun ezak Gipuzkoako milaka familiek egoera larria bizitzea” eragin duela salatu zuten.
Erdialdeko kaleak zeharkatu ondoren, ekitaldi batekin amaitu zuten protesta, Konstituzio plazan. Etxaideren aurretik, Donostialdeko ordezkari Lurdes Erasok hartu zuen hitza, langile borrokaren garrantzia azpimarratuz. “Zerbitzu publikoen azken murrizketek eta euskal sistemaren aurkako erasoek erantzuna eskatzen dute. Borroka da gauzak aldatzeko bide bakarra”. Era berean, “bestelako Euskal Herria eraikitzeko” greba orokorraren harira hainbat eragilerekin abiarazi zuten dinamikari jarraipena emateko nahia adierazi zuen.
CNTk 13:30ak aldera kioskoan egindako adierazpenarekin bukatu zen aldarrikapenez betetako goiza.