Play offetarako sailkatzea lortu du Lagun Arok, Sevillan irabazita (61-65)
Handia egin du Lagun Aro Gipuzkoa Basketek. Liga amaitzeko falta ziren bi jardunaldietan garaipen bat behar zuen titulurako play offetarako sailkatzeko. Sevillan jokatzea egokitu zaio lehenik, Banca Civicaren aurka, eta ez zirudien ostegunekoa partida errazena izango zenik helburua lortzeko; andaluziarrak goiko postuetan direlako. Donostiarrek Kanaria Handiaren aurka jokatuko dute igandean Illunben, eta partida hori erabakigarria izango zela zirudien, Sevillan irabaztea oso zaila delako. Sito Alonsok zuzendutako jokalariek, ordea, ez dute itxaron nahi izan; eta gaur bertan lortu dute play offetarako txartela, Sevillan irabazita (61-65).
Bere historian lehen aldiz jokatuko dituzte donostiarrek play offak. Aurten ere, historian lehen aldiz jokatu dute Kopa. Sasoi historikoa bilakatu da, horrenbestez, azken txanpan sartu den deboraldia. Sevillan, orain arte bezala, talde lanak eman dio garaipena Lagun Arori. Puntuak oso banatuak egon dira: Javi Salgadok 15 puntu lortu ditu; Baronek, 13; Pankok, 9; eta Lorantek, 8. Hauek izan dira gipuzkoarren artean onenak.