EAJk Lasala plazara lekualdatu nahi du osasun etxea
Autoak Esterlines kalera sartzeko «arazo handiak» dituztela azaldu du Aitziber San Romanek
Eusko Jaurlaritzarena zen eta Udalak eskuratu zuen Lasala plazako eraikin batek hutsik jarraitzen du. EAJk, bada, bilatu dio egungo egoera aldatzeko erabilera. Parte Zaharreko osasun etxe bilakatzea gustatuko litzaiekeela adierazi du Aitziber San Roman EAJko zinegotziak, egungo egoitzak dituen zailtasunei aurre egiten lagunduko lukeelako.
Esterlines kalea «oso estua» dela azaldu du San Romanek. Hori dela eta, osasun etxera heldu nahi duten auto, anbulantzia eta taxiek sartzeko «arazo handiak» dituztela azaldu du. Osasun etxera iristeko aukerak erraztea «premiazkoa» iruditzen zaio zinegotzi jeltzaleari, besteak beste, eremu horretan 65 urtetik gora duten 3.700 lagun bizi direlako eta mila direlako 81 urtetik gorakoak. Lasalan hutsik dagoen eraikina, beraz, «irtenbidea» izan daitekeela adierazi du.
Abenduan proposamen bera aurkeztu zuten; hilabeteotan, aldiz, udal gobernuak eraikinarekin zer egin nahi duen ez duela erantzun azaldu du EAJko zinegotziak.