SOS Haurtxo Lapurtuak elkartearen agerraldia. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
SOS Haurtxo Lapurtuak elkarteak prentsaurreko jendetsua egin du goizean udaletxean. Elkarteko bozeramaile Flor Diazek eta Marian Zubiak kaltetuek osasun zentroetan dokumentazioa lortzeko dituzten zailtasunak salatu dituzte. EAEan, kaltetuen herenak –gutxienez, 200 bat lagun– ez du historialik edo osorik ez duela zehaztu dute; eta Gipuzkoan, 144 familia daude egoera horretan. Argitu dutenez, arazo nagusiak denbora luzeko burokrazia, osorik ez dauden historia klinikoak, zehaztu gabeko erantzunak eta tratu ezegokia izan ohi dira. Oztopo nagusia itxitako klinika pribatuetako agiriak topatzea da. Izan ere, 1985a arte osasun etxe hauek ez zeuden historiak gordetzera behartuta, nahiz eta elkarteko kideen arabera, hala egin ohi zuten. Zubiak azaldu duenez, itxitako osasun etxe publikoen agiriak Osakidetzak eduki beharko lituzte, eta pribatuenak, berriz, gertuen dagoen ospitaleak. “Tapatu eta tapatu ari dira. Ate denak itxita ditugu. Nekarazi nahi gaituzte, baina ni ez naiz inoiz nekatuko”, baieztatu du elkarteko bozeramaileak.
“Dokumentazioa ez edukitzeak drama areagotu egiten du, ama askok ezin baitu haurraz erditu zenik frogatu”, adierazi du Diezek. “Suntsitu badituzte, esan dezatela”. Halako egoeran dauden bi lagunen kasuen berri ere eman dute: Mertxe Aizpurua zumaiatarrarena eta Jesus Lizaso usurbildarrarena, hain zuzen. Biak Donostiako klinika batean gertatu ziren. Aizpuruaren amak bere bosgarren alaba Ategorrietako amategi batean izan zuen 1957an edo 1958an. 12 urte zituen Aizpuruak eta gogoan ditu amaren hitzak “neska izan da eta hil egin da, barrutik osatugabea zegoen”. Jaiotza horri buruzko informazio gutxi du, zein klinikatan izan zen ere argi ez du. “Ez zioten haurra erakutsi, batailatu eta lorategian lurperatuko zutela esan zioten”, argitu du kaltetuak.
Haurraren argazkiak
Jesus Lizaso usurbildarra da, baina urte asko daramatza Donostian bizitzen, hirian taxilari gisa lan egiten baitzuen. 1972ko abenduaren 21ean jaio zen bere seme bakarra. Hala gogoratzen du egun hartan gertatutakoa. Goizean, Juliana emaztea Pilarko Ama klinikan utzi eta lanera joan zen; Santo Tomas eguna izanik, lan asko baitzen. Arratsaldeko 17:00ak aldera itzuli zenean, sendagileak haurra hila zela esan zion. “Zortzi egun hilik zeramatzala esan zidan, baina ezinezkoa da, bezperan sabel barnean mugitzen zelako”. Neska ala mutila zen galdetu, eta mutila zela argitu zion sendagileak. Ikusi nahi zuenez, moja eta erizainak zeuden gelara joateko adierazi zion. “Ezetz esan zidaten. Baina esan eta esan, azkenean prestatuko zuten”. Minutu batzuetara haurra ekarri zioten. Musu eman nahi zionez, garbitzearen ondorioz, agian hotza egongo zela ohartarazi zioten. Haurra lurperatzeko jarraibideak eskatzean, aldiz, “ez kezkatzeko, beraiek lurperatuko zutela” esan zioten. Lizaso, ordea, ez zegoen ados. “Haurra hartu eta kotxean sartu nuen. Bide erdian gelditu, eta haurra neska ala mutila zen begiratu nuen. Mutila zen”. Polloera iristean, lurperatzaileak bazuen gertatutakoaren berri. “‘Zu izan zara! Ederra egin duzu!’ bota zidan”. Heriotza ziurtagiririk ez zuenez, ezin izan zioten hilotzari lur eman. Diazek zehaztu zuenez, egun horretan eta ondorengoetan, ez dago lur ematea jasotzen duen agiririk.
Jesus Lizaso berak eta ezkonarrebak hilotzarekin egindako argazkiak erakutsiz. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Kontaketa amaituta, egungo egoeraren berri eman du Lizasok. Oraintsu, gertatutakoa ikertzen hasi denean, Pilarko Ama klinikako zuzendariak ez dio historia klinikoa eman nahi izan Lizasori, “epaile batek eskatuta bakarrik emango didala ohartarazi dit”. Entregatu dioten historiaren laburpenak, ordea, bere emaztea neskato batez erditu zela dio. Halaber, Lizasok eta honen ezkonarrebak jaioberriarekin egindako argazkiak erakutsi dizkie komunikabideei.Diazek halako irudiak ezagutaraztearen garrantzia nabarmendu zuen, “agian, beste batzuei ere hori erakutsi zietelako”.