Et Incarnatus orkestra tolosarra.
Guztira 34 euskal talde izango dira guztira
Euskal musikariek eta Euskal Herrian bizi diren musikariek osatutako hogeita hamalau jazz taldek parte hartuko dute uztailaren 19a eta 23a bitartean Donostian egingo den Heineken Jazzaldiaren 47. edizioan.
Jaialdiko agertoki guztietan egongo dira; Kursaal Auditorioa, Trinitate plaza, Viktoria Eugenia Antzokia eta San Telmo Museoa barne. Gainera, doako kontzertuak eta ordaintzekoak eskainiko dituzte.
Et Incarnatus orkestra izango da Antony and The Johnsons taldea laguntzen, uztailaren 22an Kursaal Auditorioan eskainiko duten kontzertuan. Egun horretan bertan, Trinitate plazan, Hasier Oleaga-Cantus Caterva musikariek joko dute An Evening with Two Pianos (Kenny Barron, Mulgrew Miller, Eric Reed, Dado Moroni) kontzertuaren lehenengo zatian.
Jaialdiari hasiera emango dion Jazz Band Ballean Travellin’ Brothers Big Band, Triz3ps eta Nevermind Trio + Julen Izarra arituko dira. Nevermind Trio, Heineken Jazzaldiak aurten martxan jarri duen ekimen bati esker aukeratu dute: aurreko urtean (2011n kasu honetan) disko bat kaleratu duten bost talde euskaldun sartzea programazioan.
Deialdi horren bitartez sartu diren beste lau taldeak honako hauek dira: The Hot Wok, Natalia Calderon Quartet, Gabacho Connection eta RS Factor; eta Kursaaleko terrazetan joko dute guztiek.
Dagoeneko tradizio bilakatu den tokiko taldeen hautaketaren bitartez (egiten den zazpigarren urtea da), hamar dira Heineken Jazzaldian parte hartzeko abagunea izango duten taldeak: Kike Mora Quartet, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako Big Band-a, Jonathan Hurtado, Javier López Jaso-Marcelo Escrich Quartet, North Atlantic Jazz Connection, Miguel Salvador Quartet, La Prima Janis, Db Trio, Lakuntza Brothers Sexteto eta Ornetillos. Kontzertu horiek Kursaaleko terrazetan (Frigo Gunea, Heineken Terraza, Coca-Cola Gunea) izango dira.
Victoria Eugenia Antzokian uztailaren 20ko gau osoan zehar, hau da, antzokiaren 100. urteurrenaren egunean bertan ospatuko den Gaujazza ekitaldian ere euskal musikariak egongo dira: Just Friends Quintet eta Josetxo Goia-Aribe / Arantxa Díez.
San Telmoko gauetan atzerriko musikariekin egindako hiru elkarlan proiektu aurkeztuko dira, euskal musikariak buru dituztela: Oreka TX, Hyperpotamus eta Gonzalo Tejada.
Nauticool agertokian aupaQUARTET eta euskal disko-jartzaile nabarmenetariko hainbat izango ditugu: DJ Arka, DJ Makala, DJ Punko eta DJ Juan Bazz.
Azkenik, Kutxa Kultur egitasmoaren barruan, beste bost euskal taldek kontzertuak eskainiko dituzte goizez, Agertoki Berdean, uztailaren 21 eta 22an: Inra, Giranice, Peachy Joke, Ras Miguel eta Supersweet.