Karlos I. hiribideko errepidea ixteko konponbidea prest dago
Karlos I. hiribideko sarrera eta irteera ixtea posible egingo lukeen proiektua aurkeztu dute gaur. Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Udalak begi onez ikusi dute ETT kontsultoria enpresak eman duen konponbidea, eta lanean hasteko konpromisoa hartu dute. Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuak.
Hamar urte dira Karlos I. ixteko modua aztertzen hasi zirenetik, eta harrez gero, hainbat aldaketa izan dira. ETTren ikerketak dio Karlos I. erabat ixtea posible dela gaur egun. Zergatik? Krisiaren eta azpiegitura berrien eraginez trafikoa asko jaitsi delako inguru horretan. ETTko zuzendari Pedro Puig-Pey-k azaldu duenaren arabera, trafikoa %34 jaitsi da.
Karlos I. itxi ondoren trafikoa kolapsatu ez dadin bi lan egin behar dira. Batetik, Marrutxipirekin lotura; Gros, Egia eta Intxaurrondoko bizilagunentzat batez ere. Bestetik, Martuteneko biribilgunea eraldatzea; trafiko batzuk eta besteak bereiziz. Ikerketak dio, gainera, irtenbide hau zatika egin daitekeela trafikoa kolapsatu gabe.
Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuaren ustez, Oso garrantzitsua da Karlos I. kentzea: “Aldarrikapen historikoa izan da auzoan eta Donostian. Irisgarritasun ikuspegitik ere garrantzitsua iruditzen zaigu. Azterketaren ondorioarekin erabat ados gaude. Posible da Karlos I.a kentzea Marrutxipirekin lotura eginez eta Martutenen biribilgunea berrituz. Gure konpromisoa argi utzi nahi dugu. Orain proiektu hau zein epetan egin daitekeen aztertu behar dugu”.
Ugartek azaldu du Karlos I. kentzeko lana zatika egingo dutela: “Dena batera ez genuke egingo, lehentasuna emango genioke irteera kentzeari. Ez genuke Karlos I. bat batean kenduko”.
Ernesto Gasco Garraio sailburuordea pozik azaldu da ETTren ikerketarekin: “Amara Berriren eraldaketa ekarriko du errepidea kentzeak. Hobekuntzak ekarriko ditu Amara Berrirentzat eta baita Gros, Egia eta Intxaurrondorentzat ere. Bizkaia pasealekuko trafiko arazoak ere konponduko ditu adierazi du Gascok. Ernesto Gascoren esanetan urtebete barru gauzatu daiteke lehen fase hori.
Nora Galparsoro Hiri Azpiegituretako eta Zerbitzuetako zinegotziaren ustez, ikerketa honek eman duen konponbideak hainbat hobekuntza ekarriko ditu: “Ez da helburu bat lortzen. Osotasunean hiriko mugikortasunean ere beste hainbat onura ekarriko ditu. Kanpo zein barne trafikoan du eragina. Lan handia dugu egiteko proiektu handia da-eta. Proiektu hau errealitate bihurtzeko bideak irekitzen jarraituko dugu”.