Udal gobernuak dio Kursaal handitzeko proposamena alkatearena izan zela
EAJko udal bozeramaileak, Eneko Goiak, Kursaala handitzeko proposamen bat jarri zuen atzo mahai gainean. Proposamena biltzar jauregiko kudeatzaileena zela esan zuen. Biltzarretarako eremua Kubo Kutxa aretoarekin lotzean datza egitasmoak, eta mila biltzarkide baino gehiagoko batzarrak erakartzea du helburu. Jauregia eta Kutxaren kuboa lotzeko pasabide bat eraiki beharko litzateke.
Gaur Donostiako udal gobernuak jakinarazi duenez alkatea izan zen Kursaaleko gerenteari proposamen hori lantzeko eskatu ziona, eta are gehiago, horren berri eman zion EAJi: “Administrazio Kontseilura iritsi zen alkateak gerenteari komentatu ziolako, eta alkateak lehenago ere EAJi komentatu ziolako” adierazi du Bilduk. “Protagonismorik gabe eta isilpean” lan egiten dutela, eta itxi gabe dauden proiektuez hitz egitea ez dutela gustuko azaldu dute: “Gure proposamenaren berri bazuen EAJk. Gurea errealistagoa zen. Herenegun arte EAJen proposamena bestelakoa zen. 10 edo 12 milioiko inbertsioko proiektua proposatzen zuen EAJk. Gureak, berriz 400.000 edo 500.000 euro ingurukoa. Gurea egokiagoa da krisi testuinguru honetan”.