John Andueza: "Polita izan da institutura itzultzea nolakoa izango zen imaginatzea"
Arrasatearrak Larunbatean Bukowskin liburua kaleratu du
John Anduezaren lehen literatur lana da. Halere, beti izan du idazteko ohitura. Gidoigintzan lan egin du, eta zenbait kontakizun labur eta ipuin ere idatzi ditu.
Aspalditik zuen gazteentzako liburu bat argitaratzeko gogoa:”Telebistak gazteentzako saio gutxi egiten ditu, eta literaturan berriz, askotan atzerriko hizkuntzatara jo behar izaten dute”.
Donostiako institutu bateko ikasleen egunerokotasunaz idatzi du Anduezak. Izenburuak Egiako taberna bati egiten dio erreferentzia: “Tituluari erreparatuta istorio oso donostiarra dela iruditu arren, liburuko protagonistak edozein institututakoak izan daitezke”, azaldu du idazleak.
15 urteko ikasle gazte baten gazi gozoak eta argi ilunak kontatu ditu. Sexuaz, teknologia berriez, rockaz, drogez… Haien egunerokotasuneko osagaiekin thriller bat osatu duela esan du.
Elkar argitaletxeak kaleratu du liburua, gazteentzako literatur sailean.