Wiesbaden-eko gazte topaketan parte hartzeko izena emateko epea irekita dago
Udalak jakinarazi berri du Wiesbaden-en (Alemania) ekainaren 9tik 17ra egitekoa den gazte topaketan parte hartzeko izena emateko epea ireki berri duela. Bertan, Alemaniako eta Donostiako gazteez gain, Frantzia, Italia, Turkia, Polonia, Letonia eta Estoniako gazteak ere izango dira. Elkarraldiaren helburua kultur artekotasuna sustatzea izanik, dantza, graffiti eta bestelako arte tailerretan jardungo dute parte hartzaileek, eta elkarretaratze honetako laneko hizkuntza ingelesa izango da.
Datorren hilabeteko topaketetan parte hartzeko zortzi toki daudela adierazi dute Donostiako Udaleko Gazteria saileko arduradunek. Izena emateko izapidea Donostiagaztea.org-en bidez, eta Mari kalean sailak duen bulegoan egin beharko da maiatzaren 23a baino lehen.
Bidaia honetan parte hartzeko, 150 euro ordaintzeaz gain, hainbat baldintza bete beharko dituzte gazteek.
- 15 eta 18 urte bitartean izatea (1994 eta 1997 bitartean, biak barne, jaioak)
- Donostian erroldatuta egotea.
- Ingelesez jakitea (First edo HEOko B2 maila). Ikasketa agiri ofizialen bidez egiaztatu ezin dutenei azterketa bat egingo diete.
- Ekintza hasten denetik elkartrukea amaitu arte jarraitzeko konpromisoa hartzea.
- Donostiako Udaleko Gazteria Bulegoak elkartrukearen aurretik eta ondoren antolatzen dituen ekintza eta bileretan parte hartzea.
- Onartuen kopuruak eskainitako plazen zenbatekoa gainditzen badu, zozketa publiko bidez aukeratuko dituzte.Donostiako Udaleko Gazteria Bulegoak antolaturiko 2011ko Elkartrukeetan parte hartu ez dutenek lehentasuna izango dute.