Arkaitz Rodriguez eta Rafa Diezen aurkako espetxe zigorra mantendu du Epaitegi Gorenak
Martxoaren 28tik ari zen aztertzen Bateraguneko sei auzipetuek aurkeztutako helegitea
Urte kopurua murriztu badu ere, Espainiako Epaitegi Gorenak espetxe zigorra mantendu du Arkaitz Rodriguez (Altza) eta Rafa Diezen (Aiete) aurka. Rodriguezi zortzi urtetik seira jaitsi diote zigorra; Diezi, berriz, hamar urtetik sei eta erdira. Sonia Jacinto eta Miren Zabaletari ere sei urteko espetxe zigorra ezarri diete, Bateragune auzi honen baitan; Arnaldo Otegiri, sei urte eta erdikoa.
“Ez ziren lan politikoa egiten ari. Erakunde armatu batek agindutako planaren zuzendari ziren. Armarik utzi ez duen ETAren bitartekari”, dio Gorenak kaleratu berri duen sententziak. Gorenak, halere, jaitsi egin die Espainiako Auzitegi Nazionalak hasieran ezarritako zigorra. Sententziaren arabera, 2009an Batasuna berreraiki nahian ari ziren Otegi eta Diez; ETAren agindupean, bitartekari eginaz.
Sententzia hau halere, soilik hiru epailek sinatu dute. Absoluzioaren aldeko boto partikular bat egon da eta epaiketa errepikatzearen alde, beste bat. Desadostasuna erakutsi duten bietako bat ponentzia utzi zuen epailea da. Epaimahaia osatzen duten bost magistratutatik hiruk besterik ez dute izenpetu sententzia; adostasun handirik gabe hartutako erabakia da, beraz.