Herriarteko Txapelketan iazko arantza kentzeko aukera izango du Donostiak
Igandean hasiko da Gipuzkoako herrien arteko esku pilota, zesta punta eta pala modalitateen lehia
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa igandean hasiko da, eta urtero legez, hiru modalitatek osatuko dute; esku pilota, zesta punta eta pala. Aurten, 18 taldek parte hartuko dute eskuko lehian, palan 10 taldek eta zesta-puntan lau taldek. Donostiak hiru modalitateetan izango du talde bana, eta iazko arantza kentzen saiatuko da. Izan ere, 2006an eta 2008an gertatu bezala, txapeldun ordea izan zen. Aurreko bi urteetan bigarren postuan geratu ostean, Hernanik lortu zuen iazko txapela, Atano III.ean jokatutako finalean.
Hiru modalitateetako txapelketa igandean bertan hasiko den arren, partida gutxi izango dira. Partaide gehien bilduko dituen taldea esku pilota izango denez, final-hamaiseirenekin ekingo diote. Igande honetan eta hurrengoan, Amezketa-Arrasate eta Urretxu-Alegia arteko partidak jokatuko dituzte. Garaileek final-zortzirenetan jokatzeko aukera izango dute, maiatzaren 27an eta ekainaren 3an, beste 14 talderekin batera. Donostia orduan sartuko da jokoan, eta Lasarte-Oriaren aurka izango du lehen lehia. Eta horrela, kanporaketak jokatuko dituzte onenek, uztailaren 8ko final handia iritsi arte.
Palan ere sistema bera erabiliko dute, baina talde gutxiago izango direnez, final-zortziretan hasiko dira. Usurbil-Lazkao lehiako irabazlea izango du aurrez aurre Donostiak. Zesta puntan, berriz, sei jardunalditan banatu dute txapelketa, eta Zumaiaren aurka jokatuko du Donostiak igandean, etxetik kanpo.
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa 2012
- Esku pilota Final-hamaseirenak (Maiatzak 13 eta 20). -Amezketa/Arrasate. -Urretxu/Alegia. Final-zortzirenak (Maiatzak 27 eta ekainak 3). -(Amezketa/Arrasate partidako garailea)/Hernani. -Errenteria/Elgoibar. -Zestoa/Bergara. -Lasarte Oria/Donostia. -Andoain/Zaldibia. -Berrobi/Oiartzun. -Azpeitia/Azkoitia. -(Urretxu/Alegia partidako garailea)/Bidegoian. Final-laurdenak (Ekainak 10 eta 17). Finalerdiak (Ekainak 24 eta uztailak 1). Finala (Uztailak 8).
- Pala Final-zortzirenak (Maiatzak 13 eta 20). -Usurbil/Lazkao. -Ordizia/Deba. Final-laurdenak (Maiatzak 27 eta ekainak 3). -(Usurbil/Lazkao partidako garailea)/Donostia. -Andoain/Oiartzun. -Olaberria/Errenteria. -(Ordizia/Deba partidako garailea)/Urnieta. Finalerdiak (Ekainak 10 eta 17). Finala (Ekainak 30).
- Zesta punta Sei jardunaldi (maiatzaren 13tik ekainaren 17ra). -Mutriku/Tolosa eta Zumaia/Donostia; Zumaia/Tolosa eta Donostia/Mutriku; Tolosa/Donostia eta Mutriku/Zumaia; Tolosa/Mutriku eta Donostia/Zumaia; Tolosa/Zumaia eta Mutriku/Donostia; Donostia Tolosa eta Zumaia/Mutriku. Finala (ekainak 23).


