Arkaitz Rodriguez kartzelan mantenduko du Auzitegi Gorenak
Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako zortzi urteko espetxe zigorra seira jaitsi diote altzatarrari
Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalak Bateragune auziko auzipetuei jarri zizkien zigorrak murriztu baditu ere, zigorra betetzen jarraitu beharko dute. Logroñoko espetxean dagoen Arkaitz Rodriguez altzatarrari zortzi urtetik seira jaitsi diote zigorra. Gainontzeko auzipetuei ere zigorra murriztu diete. Arnaldo Otegi eta Rafa Diezi hamarretik sei urte eta erdira; eta Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto zortzitik seira.
«Ez ziren lan politikoa egiten ari. Erakunde armatu batek agindutako planaren zuzendari ziren. Armarik utzi ez duen ETAren bitartekari», dio sententziak. Sententziaren arabera, 2009an Batasuna berreraiki nahian ari ziren Otegi eta Diez; ETAren agindupean, bitartekari eginaz. Sententzia, halere, soilik hiru epailek sinatu dute. Bi boto partikular egon dira erabakiaren aurka, horietako bat ponentzia utzi zuen epailearena.
Epaiak bi boto partikular izan ditu: bat, absoluzioaren aldekoa, eta bestea, epaiketa errepikatzearen aldekoa. Miguel Colmenero da boto partikularra idatzi duenetako bat. Haren ustez, Arkaitz Rodriguezek eta Arnaldo Otegik arrazoia dute epaimahaiaren kontrako errekusazioa jartzean. Epaia eman zuen Auzitegi Nazionaleko epaimahaiaren inpartzialtasuna zalantzan jar daitekeela dio, eta beraz, beste epaiamahai batekin epaiketa errepikatu behar litzatekeela uste du. Gorenaren epaia idazteko ardura Colmenerok zuen, baina desadostasuna ikusita, ponente izateari uko egin zion.
Bigarren boto partikularra Alberto Jorge Barreirok idatzi du. Hark dio absoluzioa emateko arrazoi indartsuak daudela, eta Otegik jarritako errekusazioa onartzeko eta epaiketa berriz egiteko beharrik ez dagoela.
Auzitegi Nazionalaren epaia
Pasa den irailean erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Arkaitz Rodriguezi, Arnaldo Otegiri, Rafa Diezi, Sonia Jacintori eta Miren Zabaletari espetxe zigorra jartzea. Rodriguezi «erakunde terroristako kide» izatea leporatu zioten, eta zortzi urteko zigorra ezarri zioten.
Epaimahaiak bost zigortuak ETAren aginduetara zeudela esan zuen: «ETAk auzipetuei agindu zien ezker abertzalearen barruan zuzendaritza eta koordinazio batzorde bat sortzeko, estrategia berria aurrera eramateko. Estrategia hori 2008an agindu zuen talde terroristak. Indar subiranistak batzea nahi zuen, bere agintaritzapean, prozesu independentista bururaino eramateko, eta sozialismoa ezartzeko Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan». Behin eta berriz egiten zuen epaimahaiak baieztapen hori, baina ez zuen hori baieztatzeko frogarik aurkeztu. Zigortuek Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzea erabaki zuten.
Arkaitz Rodriguez, Arnaldo Otegi, Rafa Diez Usabiaga, Rufi Etxeberria eta Sonia Jacinto 2009ko urriaren 13an atxilotu zituen Espainiako Poliziak, LAB sindikatuak Igaran duen egoitza nagusian bilera bat egiten ari zirela.