Donostia 2016 «norberarena» sentitzeko garaia heldu da
Europako Batzordeak ofizialki izendatu du Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu
2011ko ekainaren 28an 2016ko Europako Kultur Hiriburua izendatzen duen epaimahaiak jarri zituen donostiarrak saltoka. Orain, Europako Batzordeko kideak izan dira xanpaina zabaltzeko gogoa piztu dutenak. Ofiziala da: Donostia Europako Kultur Hiriburu izango da 2016. urtean. Topa egiteko elkartu dira Juan Karlos Izagirre alkatea, Blanca Urgell Kultura sailburua, Ikerne Badiola Kultura diputatua eta udal taldeetako ordezkariak udaletxean.
Goizean baieztatu du Europako Batzordeak Donostia 2016ren izendapena. Deskalabru handirik izaten ez bazen, begi bistakoa zen atzoko izendapena inongo gorabeherarik gabe egingo zela ofiziala. Eguna, beraz, normal joatea espero zuen Eva Salaberria Donostia 2016 bulegoko kudeatzaile eta koordinatzaileak. «Albistea jakin orduko urduri samar» jarri zela onartu du, «tximeletak nituen sabelean», dio. Eneko Goia EAJko bozeramailearen arabera, «segurutzat duzu baina gertatu arte ez duzu benetan sinisten». Bruselan izendapena onartu bezain laster, Espainiako Kultura Ministerioaren ordezkari bat bulegoko ordezkariekin jarri zen harremanetan eta ospakizunari hasiera eman zioten.
Festa, Nautikoan
Udaletxean egin duten ospakizuna bat-batekoa eta «informala», izan da. Ofiziala eta herritar gehien bildu nahi duen jaia gaur egingo dute eguerdian, Nautikoan. Ekitaldian Donostia 2016 proiektua garatzen lagundu eta hemendik aurrera indartzen jarraituko duten erakunde, eragile eta herritarrek parte hartuko dute. Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek eta 2016 bulegoko kideek –Eva Salaberria eta Santi Eraso, Donostia 2016ren kultur aholkulariak– hartuko dute hitza. Ondoren, talde argazki erraldoia egingo dute.
Jaialdi erraldoiari hasiera emango dion ekitaldia izango da. Gaur hasi eta igandera bitartean, desfile, dantza ikuskizun, gastronomia ikastaro, Urumeako ibilbide edota antzerki emanaldi itxuraz mozorrotuta, herritarren energiak egingo du hiriko nahiz lurraldeko hainbat herri eta hiritan eztanda.
Poza
Juan Karlos Izagirre alkatea arduratu zen udal ordezkariak, aldundiko diputatua eta jaurlaritzako Kultura sailburua elkartu eta denen artean topa egiteko gonbitea luzatzeaz. Juan Karlos Izagirre alkateak, ezer baino lehen, Donostia 2016ko Kultur Hiriburu bilakatzeko bidean bidaide izan diren kide eta ordezkarien ahalegina eskertu du. Agintean egondako guztiei, bulegoko langileei eta «herritar xume askori» eman die eskerrak. Alkateak ez du, era berean, Donostiarekin batera, 2016. urtean Europako Kulturaren Hiriburu izango den Wroclaw hiria ahaztu. Zorionak bidali ditu Poloniara.
Orain, «erronka berri bat» zabaltzen dela adierazi du eta horri erantzuteko prest daudela aldarrikatu du. «Gure kultura eta hizkuntza mundura zabaltzeko aukera zabaltzen da», esan du. Ekonomikoki ere ihes egiten utzi behar ez zaion aukera izango dela zehaztu du. Horregatik guztiagatik, Donostia 2016 proiektuan parte hartzeko gonbita luzatu die herritar guztiei. «Donostia 2016 proiektua norberarena dela sentitzeko unea» dela nabarmendu du. Beste hainbat egitasmok ez bezala, Kultur Hiriburutzak pentsamolde eta izaera desberdineko herritar eta udal ordezkariak elkartzeko gaitasuna duela azpimarratu du.
Blanca Urgell Kultura sailburuak, hain justu, egitasmoak desberdinak elkartzeko erakutsi duen ahalmenari egin dio aipamen: «Donostia 2016k aldaketaren eragile bilakatu du kultura; desberdin pentsatzen dugunok elkarrekin hitz egiteko balio izan du». Izan ere, Urgellen ustez, «gehiago eta garrantzitsuagoa da batzen gaituena, bereizten gaituena baino».
Elkarrekin, beraz, hiriak eta Gipuzkoak erronka handia duela aurretik aditzera eman du Ikerne Badiola Kultura diputatuak. Erakundeetako ordezkariak eta donostiarrak kutsatu dituen egitasmoa «gizarteratu eta Gipuzkoan eta Euskal Herria osoan zabaldu» behar dela esan du. «Nazio nortasuna eta bertako kultura zabaltzeko bitartekoa» izango dela erantsi du Ikerne Badiolak.
Udal ordezkariak
Eneko Goiak, Kultura sailburuaren ildotik jo du, «egitasmoak herritarrak batzeko gaitasun ikaragarria» duela goraipatu du eta indar horri ahalik eta etekinik handiena ateratzen jakin behar dela adierazi du. Zinegotzi jeltzaleek, behinik behin, Donostia 2016ko txanparekin bat egin dute eta ahalik eta urrutien heltzen lagunduko dutela baieztatu du udal bozeramaileak.
Donostia 2016ren energia olatua oraindik txikia zenean, PSE-EEko zinegotzi Marisol Garmendia aritu zen proiektuari ahalik eta bultzadarik handiena emateko lanean. Orain, ardura politiko zuzenik ez badu ere, proiektuarekin lotuta jarraitzen du eta aurrerapauso bakoitzarekin bat egiten du. Denen artean, «lan handia» egin dutela onartu du eta izendapen ofiziala lortzea ospatzeko arrazoia ere badela jakinarazi du Garmendiak. Zinegotziak, ordea, erakundeetako ordezkariei baino, herritarrei eman nahi die nagusitasuna, haien lorpena dela uste baitu. Aurrerantzean, desio nagusi bat du Garmendiak: «elkarbizitzarako kulturak izan behar du giltzarri, hori baita proiektuaren funtsa».
Gobernuko ordezkariordea
Gorabeherarik gabeko elkarbizitza lortzea gaur-gaurkoz «zail xamar» dagoela uste du Ramon Gomezek. PPko udal bozeramaileak azaldu duenez, Juan Karlos Izagirre alkateak EAEn Espainiako Gobernuko ordezkariordeari, Jose Luis Herradorri, atzoko ospakizunean parte hartzeko aukera «galerazi» zion. «Alkateak ez du udaletxera joatea nahi izan», esan du. Espainiako Gobernuak Hiriburutza lagundu eta sortuko den fundazioan parte hartzeko konpromisoa agertu ondoren, erakunde horretako ordezkariak alboratu nahi izatea ez du Gomezek egokitzat jo. Izagirreren jarrera kritikatu eta arrazoiak ezagutzeko gutuna bidali dio PPk alkateari.
Bilduko ordezkariek argitu dutenez, udal ordezkariak erakunde arteko batzordeko kideekin batera «ospakizun informala» egitea adostu zuten udal bozeramaileek. Ospakizun ofiziala gaur eguerdikoa izango dela eta Espainiako Gobernuko kideek festa horretan parte hartzeko gonbidapena dutela ziurtatu dute.
Gomezek, dena den, Donostia 2016 hiriarentzat «mugarri» izango dela nabarmendu du. «Ekonomia pizgarri izango da eta ezin da aukera hori galdu; krisiari ahalik eta lasterren agur esaten lagunduko du».
Adierazpenak:
“Gure kultura eta hizkuntza mundura zabaltzeko aukera zabaltzen da”
Juan Karlos Izagirre
Alkatea
“Donostia 2016 egitasmoak aldaketaren eragile bilakatu du kultura”
Blanca Urgell
Kultura sailburua
“Nazio nortasuna eta bertako kultura zabaltzeko bitartekoa izango da”
Ikerne Badiola
Kultura diputatua
“Albistea jakin orduko urduri samar jarri nintzen, tximeletak nituen sabelean”
Eva Salaberria
2016 bulegoko koordinatzailea
“Egitasmo honek herritarrak batzeko gaitasun ikaragarria du”
Eneko Goia
EAJko bozeramailea
“Ekonomia pizgarri izango da; krisiari ahalik eta lasterren agur esaten lagunduko du”
Ramon Gomez
PPko bozeramailea
“Elkarbizitzarako kulturak izan behar du giltzarri, hori baita proiektuaren funtsa”
Marisol Garmendia
PSE-EEko zinegotzia