Donostia Europako Kultur Hiriburu izendatu dute ofizialki
Europako instituzioek iazko ekainaren 28an hartutako erabakia berretsi dute gaur Bruselan Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izendatu berri dute gaur. Epaimahaiaren ebazpena hiriburutza ofiziala izateko eman beharreko pausoa izan da. Donostiarekin batera Wroclawk (Polonia) partekatuko du 2016ko kultur hiriburutza.
Orain, izendapen ofizialarekin batera hasiko da datozen lau urteotan egin beharreko lanak definitzeko prozesua. Hilabete honetan bertan Donostia 2016 fundazioa era liteke. Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartuko dute, eta, ziur asko, Espainiako Gobernuko Kultura ministerioak ere bai. Azken horren parte hartzea berretsi gabe dago, baina proiektuaren sustatzaile eta eragileek uste dute Donostiaren izendapena erabatekoa denean sartuko dela.
Donostia 2016. urtean Europako kultur hiriburua izango den baieztapenarekin egingo da Olatu Talka jaialdia ostiralean hasi eta igandera arte. Kontzertuak, tailerrak, bertso saioak, azokak, erakusketak, instalazioak, haurrentzako jarduerak, dantza erakustaldiak eta antzerki saioak egingo dira, besteak beste, hiru egunean. Olatu Talka ostiral arratsaldean hasiko da, batik bat Donostian, baina baita beste hainbat herritan ere, Ostiralive zirkuituarekin. Egitasmo horren barruan 80 musika emanaldi inguru eskainiko dituzte.