Masafumi Yamamoto artista hamaika poetekin elkarlanean aritu da, eta ‘6ko 12’ erakusketa osatu dute

Pello Otxoteko eta Juan Ramon Makuso poeta euskaldunak, Masafumi Yamamotorekin batera. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan,
6ko 12 erakusketa zabalduko dute gaur, 19:30ean. Masafumi Yamamoto artista japoniarrak Estatuko hamaika poetekin elkarlanean osatutako sorkuntza da. Finean, Yamamotoren lan plastikoak eta poeten hitzen bat egitea lortu dute, eta hamabi liburu txikitan batu dute guztia. Kasu batzuetan, poesiak sortu dituzte, eta ondoren, lan plastikoa egin du Yamamotok; eta beste batzuetan, alderantziz. Tartean, euskarazko hainbat testu daude, batzuk itzulpenak, eta besteak, jatorrizkoak. Izan ere, Juan Ramon Makuso eta Pello Otxoteko poeta euskaldunek parte hartu dute Yamamotoren proiektuan. Gaztelerazko testuak ere badaude, ordea.
Erakusketaren aurkezpena egin zuten atzo goizean, eta bertan izan ziren hiru protagonista, Makuso eta Otxote poetak, eta Yamamoto bera. Azaldu zutenaten arabera,
6ko 12 duela hiru urte abiatutako proiektua da. «Ekain galerian Yamamotok Txillidatarrekin jarritako erakusketa batean topo egin genuen. Euskal poetekin zerbait egin nahi zuela esan zidan, eta nik hautatuetako bat izatearen zortea izan nuen», azaldu zuen Makusok. Poeta bakoitzak gai bat hartu du, eta Makusorena natura izan da:
Izotz mendiak estaltzen du zeruko gosea/Amaren bularra lehorra dago/Aitaren bihotza itsaslabur bihurtu da/Maitasunaren lehorteak basamortuan du aurkitu egia…
Yamamoto umoretsu azaldu zen komunikabideen aurrean. Artistak azaldutakoaren arabera, txikitatik «gorroto» izan du literatuta, beraz, ez omen zuen sekula irudikatuko bere lanen bat liburutegi batean erakutsiko zuenik. Hala ere, «oso oso pozik nago», aitortu zuen. «Proiektu hau ez da alde batetik lan plastikoa eta bestetik literatura, elkarrekin obra bat osatzen dute; baldintza berdinetan daude», adierazi zuen Yamamotok. Edonola ere, hiztegia erabilita ere ezin izan dituenez poesiak ulertu, oso lan zaila izan dela aipatu zuen. Gainera, orain, Yamamoto euskara Japoniara eramateko gogo biziz dago.
Errezitaldiak
Erakusketarekin, hiru errezitaldi emango dituzte poetek. Lehena, bihar izango da, irekierarekin batera; beste biak, maiatzaren 24an eta ekainaren 6an izango dira.
Erakusketa
- Izenburua. 6ko 12.
- Egilea. Masafumi Yamamoto artista japoniarra eta hamaika poeta: Juan Bufill, Noni Benegas, Jose Maria Parreño, Alfonso Alegre, Vicenç Altaio, Chanal Maillard, Andres Sanchez Robayna, Eva Veiga, Pello Otxoteko, Benet Rossell eta Juan Ramon Makuso.
- Non. Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan.
- Noiz. Gaurtik ekainaren 9ra. Ordutegia: asteartetik larunbatera, 16:00etatik 20:00etara.