Euskararen aldeko ekarpena
Auzoko euskara elkarteak antolatuta, hirugarrengoz, Egia Euskaraz Eguna ospatuko dute, etzi. Ekimen nagusia egiatarrek grabatuko duten ‘lip dub’-a da.
EGIA EUSKARAZ EGUNA
Ahalik eta jende gehien euskararen inguruan inplikatzeko asmoz, aurten lip dub-a egitea bururatu zitzaien Egia Euskaraz Egunaren antolatzaileei. “Boladan daude. Santutxuko Euskara Astean egindakoa gustatu zitzaigun, eta hori da guk lortu nahi duguna”. Ezer jakin gabe murgildu ziren egitasmoan. “Zer den, nola antolatzen den, nola grabatu… Inprobisatzen, han eta hemen galdetzen, ari gara”, aitortu du Alain Urizarrek. Gabonen aurretik hasi ziren antolaketa lanekin. Bi deialdi orokor egin dituzte auzotarrei ekimena zer den azaltzeko. Azken emaitza bideo polita izatea nahi dute. Hori lortuko duten ikusteko bada ere, beste helburu batzuk, jada, bete dituzte. “Jendea mugitu izanarekin eta egunean bertan sortuko den giroarekin auzoa inplikatzeko helburua lortu dugu”.
Lip duba osatzeko erantzun aparta espero dute. “Txirrindulariak, korrikalariak, buruhandiak, malabaristak, ikastola, danborrada, gaztetxeko jendea, dantza taldeak, Ttan Ttakun eta Antxeta aisialdi taldea, Porrontxoak, Bolinga Sound System, elkarte gastronomikoak, eskubaloi taldea, guraso eskola, Herrira plataforma, mendi taldea, pilotariak…”, zerrendatu ditu Urizarrek. Baina deialdia irekia da, eta animatzen diren guztiei tokia egingo diete. “Euskararen alde denok pixka bat eman dezakegu eta eman behar dugu. Egiako eta inguruko jende guztia animatzen dugu etorri, ekarpena egin eta, bereziki, ondo pasatzera”.
Auzotik kanpokoei zabalik
Auzoko eragileek, taldeek eta bizilagunek prestatutako koreografia antzezteko, musika ezinbestekoa dute. Orain bi urteko jairako egindako abestia erabiltzea edo berria sortzea pentsatu bazuten ere, azkenean, Esne Beltzak Kontseiluarentzat egindako Euskaraz bizi nahi dut kanta hautatu dute. Horri jarraituz, auzoko eragile, talde eta bizilagunek prestatutako koreografia antzeztuko dute. Grabaketa eguerdian egingo dute, eta froga bakarrean izango denez, 11:00etan elkartuko dira prestaketa egiteko. Emaitza iluntzean ikusiko dute Plaza Haundin. Gerora, Interneten jarri eta lotura zabalduko dute. “Euskararen aldeko zerbait egin dugunez, ahalik eta oihartzun handiena izan dezala”, gehitu du Urizarrek.
Eguneko ekimen izarra lip duba izan arren, beste zereginik ere izango da Plaza Haundin. Eguerdian 120 lagunentzako bazkaria prestatuko dute elkarte gastronomikoek, eta jarraian, mus txapelketa egingo dute. Arratsaldean, haurrentzako bertso-antzerki emanaldia izango da. Goizean grabatutakoa ikusi aurretik, erromeria egingo dute plazan.
AEKren Korrikarik ez den urteetan, auzotarrak batzea eta euskararen aldeko egitasmoak gauzatzea bururatu zitzaion Egia Euskarazi, 2007an. Hala, auzoko euskara eta kultur alorreko taldeak nahiz norbanakoak biltzen dituen ekimenak, 2008an ospatu zuen lehen Egia Euskaraz Eguna. Aurreko bien arrakastari jarraipena eman nahian, eta xede berberei helduz, euskaraz bizi nahi duten lagunez beteko dute, etzi, auzoa.
- 11:00. Diana auzoan barrena. Lip dubaren prestaketa.
- 12:00. Lip dubaren grabaketa. Ondoren, pintxoak.
- 14:30. Bazkaria Plaza Haundin. Ondoren, mus txapelketa.
- 17:30. Galtzagorriei, to, Iñaxito! antzezlana, haurrentzat.
- 20:00. Erromeria.
- 21:00. Lip dubaren emanaldia.