Lagun Aro GBCren hainbat arlo landu ditu klubeko presidenteak, komunikabideekin egindako gosarian

Gorka Ramoneda Lagun Aro GBCko presidentea -erdian-, klubeko kontseilari eta arduradunekin. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Denboraldiaren balantzea egiteko asmoarekin, ohiturari jarraituz, komunikabideekin gosaria egin zuten Lagun Aro GBCko arduradunek. Batik bat Gorka Ramoneda presidenteak hartu zuen hitza, eta taldeak egindako lanarekin oso pozik dagoela argi utzi zuen. Ligako bosgarren postua, Koparako eta
play offerako sailkatua lehen aldiz, eta Europako Kopa jokatzeko aukera ugari. Bertan aipatutako gairik aipagarrienak bildu ditu Irutxuloko Hitzak ondorengo lerroetan.
Denboraldia: Hasteko, ACB Endesa Ligan taldeak egindako lanaz aritu zen Ramoneda. Denboraldi politena izan den arren, neke psikologiko handia izan duela onartu zuen. «Presidente naizenetik egin dezakedan balantzerik errazena da. Denboraldi historikoa eta ahaztezina izan da», esan zuen behin eta berriro Ramonedak. Azken batean, Liga hasiera gogorra izan zuen taldeak, hiru puntugatik partida asko galduta, baina ondoren, ezin hobeto hartu zuen goranzko bidea. «Hiruaren madarikazioa izan genuen, baina sekula ez genuen gure jokalariengan eta entrenatzailearengan genuen konfiantza galdu». Behin bolada hori igarota, bigarren itzuli bikaina egin zuen taldeak. «Espero genezakeena baino gehiago lortu genuen, eta helburu berriak lortu zituen taldeak, Ligako bosgarren postuan geratzea lortu arte». Hari horri tiraka, Ramoneda oso harro agertu zen. «Aurrekontua hirukoizten diguten talde askoren aurretik geratu gara».
Orain, ACBko titulua lortzeko borrokan sartuko dira, eta talde handiak inguruan izango dituzten arren, Ramoneda ziur dago GBCk ez duela hutsik egingo. «Valentziak fitxaketa garrantzitsu bat egin berri du, baina badakigu Lagun Arok borrokatu egingo duela».
Jokalariak: Taldeko jokalari guztiak garrantzitsuak izan direla azpimarratu nahi izan zuen presidenteak; «lehen jokalaritik azkenekora». Hala, guztiak mantentzeko asmoa dutela ere aipatu zuen, lan zaila izango dela badakiten arren: «Argi dago jokalari askoren balioa igo egin dela, baina ahal duguna egingo dugu guztiak mantentzeko». Andy Panko eta Sergi Vidalengatik ari zen bereziki, beraiek baitira MVP eta Actitud Azul sariak jaso berri dituztenak, eta Ligako bosteko onenean sartzea lortu dutenak. «Jokalariak gustura daude hirian eta klubean, dirua da horretaz gain eskaini dezakeguna, baina zaila da».
Entrenatzailea: Sito Alonso entrenatzailearekin ongi baino hobeto asmatu dutela argi geratu da, lehen denboraldian sekulako lorpenak egin baititu. Horretaz ere mintzatu zen Ramoneda. «Beste denboraldi baterako kontratua dauka, eta gure asmoa luzerako geratzea da, kontratu luzeak egitea baitugu gogoko». Gainera, zaleak ere gustura daude entrenatzailearekin, Ramonedaren ustez.
Illunbe: Kantxak ere oraindik zer esan handia ematen du, eta emango du. Izan ere, GBCk Gaska utzi zuenetik eta Illunbera igaro zenetik, hainbat arazo izan ditu. Kontu horretaz galdetzerakoan, Ramoneda nahiko baikor agertu zen. «Udalarekin lanean ari gara eta erantzun ona jasotzen ari gara. Proiektu apal bat aurkeztu nahi dugu», argitu zuen presidenteak. Egun, berogailu sistemarekin, esaterako, arazo handiak dituztela esan zuen Ramonedak. Izan ere, instalazioaren goikaldean jarriak dituzten berogailuek gas asko kontsumitzen dute, eta beroa ez da oso modu egokian banatua geratzen. «Ziurtatzen dizuet nik sekulako beroa pasatzen dudala, eta badakit ateen parean daudenek hotza izaten dutela, baina jokalariengatik berogailuak jarriak izan behar ditugu».
Aurrekontua: Aurrekontuaren gaia ere atera zen. Ramonedak azaldu zuenez, berak presidente postua hartu zuenean, duela hiru urte, 7 milioi eurokoa zen; egun, berriz, 4’5 milioikoa bakarrik da. Hala ere, aurrera egitea lortu dute. Hori bai, taldea Koparako eta play offerako sailkatu izana, ezustekoak izan direnez, ezusteko gastuak ekarri dituzte. Horri aurre egiten laguntzeko, Sabadell Guipuzcoanoren laguntza izango dute. Izan ere, play offeko sarreretan %20 deskontua izango dute bazkideek, eta horren kargu egingo da bankua, dirua klubari itzuliz.
Datorren denboraldiari begira, ordea, zerbait gehiago topatu beharko dute; eta horretan ari direla aipatu zuen Ramonedak. «Sailkapeneko bosgarren postuan geratu gara, eta ziur aski Europako Kopa jokatuko dugu. Hainbat enpresekin lanean ari gara diru iturriak lortzeko», jakinarazi zuen Ramonedak. Bestetik, Eusko Jaurlaritzarekin ere bileraren bat izan dutela esan zuen, eta hiru euskal taldeekin, hau da, Lagun Aro GBC, Caja Laboral Baskonia, eta Gescrap Bizkaia, tratu berdina izateko eskatu diote.