Jurgen Wolf 'Babestu etxe triste bat' ekimenaren hasieran. (Argazkia: Mikel Goñi).
Kepasakonlakasa kolektiboak etxe hutsak etxebizitzarako erabiliak izan daitezen ekimen berria jarri du abian. Oraingo honetan udalbatzarrean dauden lau alderdi politikoetara joko dute, beraiek kudeatzen dituzten hainbat eraikinen inguruko eskaera zehatzak eginez. Hori dela eta, alderdi politiko bakoitzari gutun bana helarazteko eskabidea egin dute gaur goizean udal erregistroan.
Izan ere, egun udalean dauden lau alderdi politikoek hainbat eraikinen gaineko ardura dute, modu batera edo bestera, beraiek kontrolatzen dituzten erakundeen esku hainbat etxebizitza daudelako. Adibidez, PPko udal ordezkariei ministerioren batek izan dezakeen eraikin baten inguruko eskakizuna egingo diote; gauza bera gertatuko da beste alderdiekin.
Jurgen Wolf Kepasakonlakasako kideak azaldutakoaren arabera, “eskakizun egokitua egingo diogu talde politiko bakoitzari”. Alderdi barruan gaiari heltzea eta eskaera egituraren barruan jorratzea da asmoa. “Espero dugu errazago izatea alderdi bereko kideekin hitz egitea. Hala ere, maiatzaren bukaeran emango dute alderdi bakoitzari egokitu zaizkion etxebizitzen berri, ekimenak izandako emaitzekin batera.
Ekimen jakin honi hasiera gaur goizean eman badiote ere, Kepasakonlakasa kolektiboak lau bat urte daramatza etxebizitza hutsen gaia jorratzen; besteak beste, behin behineko etxe hutsen errolda eta hainbat jardunaldi teoriko antolatu ditu.