Zubereraz egindako 'Xora' filma estreinatuko dute bihar
Bost urteko lanaren ostean, Peio Cachenaut zinema zuzendari gazteak (Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1979) bere lehen filma, Xora, pantaila handira eraman du. Maulen martxoaren 10ean izan zen estreinaldia, eta orain Euskal Herri osoan izango da ikusgai. Hego Euskal Herrian Donostian emango dute lehendabizi, Viktoria Eugenia Antzokian.
Xora lehen film zuberotarra da, baita egilearen lehen filma ere. Ipar Euskal Herrian euskaraz egin den lehen film luzea da. Duela hamar bat urte Lokarri izaneko film bat estreinatu zen, baina tarte batzuk zeuden soilik euskaraz. Gehiena frantsesez zen. Xora-n dena euskaraz egin dute, zubereraz. Soilik elkarrizketa bat dago frantsesez.
Bihar asteartea 20:00etan, Viktoria Eugenian emango dute, gaztelaniazko azpidatziekin. Sarrerak doan dira, baina Viktoria Eugeniako leihatilan hartu behar dira.