Espainiako Kultura Ministerioak Donostia 2016 proiektuaren fundazioan parte hartuko du
Udalarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin batera fundazioko kide izango dela baieztatu du, baina ez du diru ekarpenik zehaztu
Donostia ofizialki Europako Kultur Hiriburu izendatu ondoren; orain arte Donostia 2016 bulegoa izan dena fundazio bihurtuko da. Udalak ekainaren amaierarako nahi du lanean fundazioa. 72 milioiko aurrekontua izango duen fundazio berria izango da, eta hurrengo hilabeteetan eragileekin lanean jarraituko du. Donostiako Udalarekin batera Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak osatuko dute fundazioa. Espainiako Gobernua ere fundazioko kide izango dela baieztatu du. Halere, ez du Donostia 2016 proiektura bideratuko duen diru ekarpenaz hitz egin.
Donostia 2016 proiektuko partaideek Olatu Talka eraldaketa prozesu batean sartuko dela esan dute: profesionalek protagonismo nabarmenagoa hartuko baitute. Olatu Talkarentzat, halere, ezinbestekoa izango da talde hasiberrien energia. “Olatu Talka amateur jaialdi bat da; hori beti esan dugu. Baina profesionalen munduarekin ere hasiko gara lanean; horiek ere behar handia dute, eta proiektu honek ere horretarako balio behar du. Olatu Talkaren garapenean ere kontuan hartuko ditugu profesionalak”, esan du Igor Otxoak, Donostia 2016ren proiektu zuzendariak.
Hirugarren aldiz, herritarrek 2016 bulegoak egindako deialdiari erantzun bikaina eman dutela adierazi dute. Joan den asteburuko Olatu Talka jaialdian bi mila parte hartzaile baino gehiagok parte hartu dute.