Kote Olaizolaren galera "ordezkaezina" izango dela dio Bera Berako presidenteak
Gaur arratsaldean egingo dute hileta elizkizuna, Parte Zaharrreko San Bizente elizan
Jose Ignacio Olaizola donostiarra, Kote Olaizola bezala ezaguna zena, larunbatean hil zen, bihotzekoak jota, 60 urterekin. Kirol arloan pertsona ezaguna zen, Donostiako Bera Bera klubeko sortzaileetako bat izan zen, eta Donostia Kirolakeko langilea zen gaur egun. Beraz, min eta galera handia sortu du bere heriotzak Donostiako kirol arloan, bereziki. Olaizolaren gorpua Errekaldeko beilategian egongo da gaur eguerdira arte; haren aldeko hileta elizkizuna, berriz, gaur egingo dute, Parte Zaharreko San Bizente elizan, 19:30ean.
Atletismoarekin, saskibaloiarekin eta errugbiarekin lotura handia izan zuen Olaizolak, besteak beste. Hala, gaztetan errugbi jokalaria eta atleta izateaz gain, emakumezkoen Donosti eta Juven saskibaloi taldeetako entrenatzailea izan zen. Orain, Espainiako Errugbi Federazioko presidente izateko hautagaia zen. Kanpainaren barnean, joan den asteburuan, kanpoan zebilen, eta zehazki, Andaluzian zegoela zendu zen. Bere semea, Julen, Iraurgi Lan Mobel eta Lagun Aro GBCko jokalaria da.
Fernando Diez, Bera Berako presidentea triste topatu zuen atzo Irutxuloko Hitzak, hala ere, bere oroitzapenen berri emateko gai izan zen. «Orokorrean kirol guztiarentzat galera izan da, baina bereziki Bera Berarentzat. Momentu honetan klubeko bazkidea bakarrik zen, baina zuzendaritzako kidea izandakoa zen; beti hor izaten zen, eta asko hitz egiten genuen», oroitu du Diezek. Azken batean, galera «ordezkaezina» izango da Diezen ustez. Ideia ugariren bultzatzaile eta sortzaile bezala oroituko dute askok Olaizola. «Sekula ez zuen lurra ukitzen, eta heldu egin behar izaten genion. Ideiak sortzeko makina bat zen, Gipuzkoa Basket, esaterako,, bere ideia izan zen», dio Diezek. «Urte asko eman genituen elkarrekin, eta bere heriotza ustekabean iritsi da. Garai txarrenetan elkarrekin kluba eusteko gai izan ginen, Iñaki Jauregi eta Iñaki Arnaezekin batera, bestela gaur egun seguraski Bera Bera ez litzateke hemen egongo», jarraitu du Diezek goibeltasunez.
Merezitako agurra
Larunbatean dagoeneko albistea jakina zenez, Bera Bera Eskubaloiak Murtziaren aurka jokatu beharreko partida baino lehen, minutu bateko isilunea gorde zuten Olaizolaren omenez. Bera Bera klubak, ordea, merezitako agurra eskaini nahi dio Olaizolari. «Zer egingo dugun pentsatzen ari gara, ez baitugu edozein gauza egin nahi. Laster egin nahi dugu, eta berak egindako guztiaren mailakoa izan behar du», dio Diezek.
Josu Ruiz udaleko Kirol zinegotziak ere penaz gogoratu du Olaizolaren heriotza, Irutxuloko Hitzari egindako adierazpenetan. «Larunbatean albistea jaso genuenean txundituta geratu ginen, bizitza zer den pentsatzen. Beti zebilen kirol mailako mila saltsatan sartuta. Proiektuak izaten zituen beti mahai gainean, eta kirol patronatuan ere oso langile fina izan zen», dio Ruizek. Gainera, kirol arloan egindako lan guztia aitortu dio zinegotziak. «Zalantzarik gabe, Donostian sekulako lana egin zuen, errugbiarekin eta Bera Berarekin partaidetza izugarria izan du. Oso pertsona ezaguna zen, eta oso egun gogorrak izaten ari dira guztiontzat».