Langabeziak behera egin du apirilean
Urteko lehen zenbaketa baikorra izan da pasa den hilabetekoa. Orain arteko joera aldatu, eta Aste Santuko oporraldiari lotutako lanpostuei esker, 117 donostiarrek lana aurkitu dute.
Espainiako Lan Behatokiak ezagutzera eman dituen datuen arabera, apirila 10. 868 langaberekin amaitu zen Donostian. Hau da, joan den hilabetean 117 donostiarrek lana aurkitu dute. Aurtengo lehen zenbaketa positiboa izan da, orain arte langabezia hazi besterik ez baita egin. Hala ere, jaitsiera, nagusiki, Aste Santuko oporraldiak ekarritako kontratazioei esker izan da, eta ikusteko dago udako lanak hasi aurretik bide honi eutsiko dion.
Auzoz auzoko bilakaerari erreparatuz gero, beste behin, Altza da langabe gehien biltzen dituena. Orotara, 1.713 dira lan bila dabiltzan altzatarrak. Hala ere, azken asteetan hobera egin du bertako zenbaketak. Izan ere, langabe kopurua gehien murriztu duten auzoak Antigua-Añorga-Ibaeta-Igara, Altza eta Gros izan baitira; hurrenez hurren, 55, 30 eta 27 auzotarrek lana aurkituta. Gainontzeko zonaldeetan langabe kopuruak, oro har, behera egin badu ere, kontrako joera izan da Parte Zaharrean, Erdialdea-Amara Zaharrean eta Aiete-Miramonen. Auzo hauetan hazi egin da langabe kopurua, 41, 11 eta 8 lagunetan.
Bihar, papereko edizioan hiriko langabeziaren datuei buruzko informazio zabalagoa emango du IRUTXULOKO HITZAk.