EAJko zinegotziak Juan Karlos Izagirre alkatearekin. (Argazkia: Xabier Etxabe)
Hurrengo lau urteetarako 78 milioiko inbertsio plana adostu dute
Bilduk eta EAJk akordioa lortu dute hirian inbertsioak egin ahal izateko: 2012-2015 urte bitartean egingo diren inbertsioak adostu dituzte. Datozen lau urtetan 78 milioi euroko inbertsioak ahalbidetu ditu hitzarmenak.
Hitzarmenik gabe, ezinezkoa izango zen aurreikusitako inbertsio eta lan guztiak egitea. Bi taldeak bat datoz esaterakoan hiriaren interesak oinarri izan dituztela akordioa lortzerakoan.
2011ko aurrekontuak luzatuta ditu Donostiak, eta horrek lan berriei heldu ahal izateko eskuak lotuta utzi dizkiola adierazi izan du udal gobernuak.
Inbertsio planaren arabera, Tabakaleran, orotara, 12,5 milio inbertituko dira; Loiolako bulebarizazioan 5,5 milioi euro eta Añorgakoan hiru. Kursaal jauregia handitzeko 400.000 euro bideratuko dituzte; eta Papineko sarbidea eraikitzeko, berriz, 1,3 milioi euro.
Gaur adostutako akordioa maiatzeko udalbatzarrera eramango dute onartu ahal izateko. Lan guzti hauen garapena zaintzeko batzorde bat jarriko du udalak.