Homosexualitatea gaixotasuntzat jotzen jarraitzea salatu du Gehituk
Homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik kendu zuten 1990eko maiatzaren 17an. Orduz geroztik Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da data horretan. Bezperan, Gehituk eta Errespetuz elkarteek psikiatria eskuliburuetatik ere kanporatzea eskatu dute; eta oraindik ere, Espainiako Gotzain-konferentziak edo gizartean pisu handia duten hainbat erakundetako kideek halako baieztapenak egiten jarraitzea salatu dute.
Halakoak baztertu eta gazteenei igor ez daitezen zaintzeko duten konpromisoa berretsi dute Gehituko kideek. Horretarako, gazteei informazioa eta elkarkidetza nahiz errespetua bezalako baloreak irakasteaz gain, euren jarrerak aztertzea ezinbestekotzat jo dute. Ildo horretatik, Gehituk lau urte daramatza gazteek homosexualitatearen aurrean dituzten jokaerak aztertzeko inkestak egiten. Gaurko agerraldian ere 2010-2011 ikasturteko emaitzen berri eman dute. Bertan, Donostiako 690 ikaslek parte hartu dute eta arduradunen hitzetan, gauza batzuetan hobera egin den arren, “politikoki zuzena zer den ikasi dute, baina ez dute barneratu”.