Literaktum indartsu dator aurtengoan
Maiatzaren 21etik 31ra hainbat ikuskizun eta solasaldi izango dira hiriko kultur etxeetan, puntako partaideekin
«Donostia maiatzean hitzen hiria bihurtzen da», goraipatu zuen Nere Txapartegi kultura arduradunak atzo goizean. Literaktum aurkezten ari zen Txapartegi, literatura herritarrengana hurbiltzeko udalak antolatzen duen ekimena. Aurten, Literaktumen 12. ekitaldia izango da, eta maiatzaren 21etik 31ra egitarau zabala izango da hirian. Literatura oinarri izango duen arren, musika, poesia eta antzerkia ere izango ditu protagonista. Azken batean, auzoetan hainbat ikuskizun eta solasaldi egongo dira, artistak herritarrengandik gertu izateko.
Euskal Herriko zein atzerriko idazleek eta musikariek parte hartuko dute Literaktumen: Kirmen Uribe, Pako Aristi, Josune Muñoz, Menna Elfyn, Xuan Bello, Eduardo Galeano, Javier Muguruza… Tartean, donostiarrak ere izango dira; Ramon Saizarbitoria idazleak, esaterako, argitaratu berri duten Martutene eleberriaz hitz egingo du San Telmo Museoan, maiatzaren 23an (19:30). Nekane Igarza pianistak, berriz, Patxi Santamaria aktorearekin batera, Errusiar Gaua izeneko ikuskizuna eskainiko du, Ernest Lluchen. Iban Zalduak El lugar de los escritores hoy mahai inguruan parte hartuko du, Carlos Yushimito eta Txani Rodriguezekin batera.
Hitzarmena
Gainera, udalak eta Euskal Idazleen Elkarteak hitzarmen bat sinatu berri dute, eta horren bidez, literaturak presentzia handiagoa izango du hirian. Hala, Literaktum jaialdian parte hartzen jarraitzeaz gain, ekimen gehiagotan izango da. «Gure elkartea oso ongi txertatzen da Literaktumen barnean», zehaztu zuen Ander Iturriotzek, Euskal Idazleen Elkarteko presidenteak. Hitzarmenak, bereziki, gainerako kultur eragileekin elkarlanean aritzea bideratzen duela azpimarratu zuen Iturriotzek.
Honela, Poesia Orduak eta Literaktum ekitaldietan kolaboratzeaz gain, hitzarmenari esker , kultur etxeetan egile ikastaroak egingo ditu elkarteak, baita ibilbide literarioak ere. Gainera, lehen ibilbide literarioa, maiatzaren 26an bertan egingo dute, eta bertan, Katalina Erauso eta Katalina Eleizegi donostiarren berri jasoko dute partaideek.
Literaktum 12, egitaraua
- Maiatzak 21 (17:00). Mikel Hernandez Abaitua idazle gasteiztarrak bere lan berria aurkeztuko du:Azukre xehea, gatz larria. Lugaritz kultur etxean.
- Maiatzak 22 (19:30). Patxi Santamaria eta Nekane Igarzaren musika, poesia eta antzerki ikuskizuna: Errusiar gaua. Ernest Lluch kultur etxean.
- Maiatzak 23 (19:30). Ramon Saizarbitoria idazle donostiarra bere lan berriaz mintzatuko da: Martutene. San Telmon.
- Maiatzak 24 (19:00). Mahai ingurua Carlos Yushimito, Iban Zaldua eta Txani Rodriguez idazleekin, Hasier Etxeberriak gidatuta: El lugar de los escritores hoy. Okendo kultur etxean.
- Maiatzak 26 (11:30). Ibilbide literarioa hirian barrena: Katalina Erauso eta Katalina Eleizegi; Josunen Muñozen eskutik. Izena eman beharra dago, Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusian edo Internet bidez.
- Maiatzak 26 (14:00 – 18:00). Musika parkean; PLV eta Britght, Ondoren, Poesia Urumea Bazterrean, Menna Elfyn, Kirmen Uribe eta Xuan Bello poetekin; Eli Tolaretxipik gidatuta. Txomineko Benartegi baserrian.
- Maiatzak 29 (19:30). Literatura hibridoak begirik nekatu gabe mahai ingurua Hedoi Etxarte eta Pako Aristiren eskutik, Arantxa Iturbek gidatuta. Okendo kultur etxean.
- Maiatzak 30 (19:30). La mujer y la copla hitzaldi abestua, Maribel Quiñones Martirio eta Javier Muguruza musikarien eskutik. Casares-Tomasenen.
- Maiatzak 31 (19:30). Eduardo Galeanok Los hijos de los dias liburua aurkeztuko du. Deustuko unibertsitatean.