Donostiabusek hiru autobus erosiko ditu
Zerbitzu eraginkor bat eskaintzeko, hiriak autobus sare «duin bat» behar duela dio Jon Albizu zinegotziak
Donostiabuseko administrazio kontseiluak hamabi metro luzeko hiru autobus erosteko baimena eman du. Ingurumenari kalte txikiagoa egiten dioten diesel motorea dute ibilgailuok. Horietako bat, gainera, jada kalean dabilen autobus hibridoa da. Jon Albizu Mugikortasun zinegotziaren hitzetan, zerbitzu eraginkor bat eskaintzeko, hiriak «autobus sare duin bat izatea» da autobus konpainiaren eta udal gobernuaren helburua.
Azken zazpi urteetan 60 autobus erosi ditu autobus konpainiak. Horietatik 43k zaharkitutako autobusak ordezkatzeko funtzioa bete dute. Gainontzeko 17ek, berriz, azkenaldian sortu eta indartu diren zerbitzuei erantzuteko erosi dituzte. Donostiabuseko autobusen bizi iraupena 12,9 eta 13,9 artekoa da; eta erretiratutako autobus bakoitzak, gainera, 769.750 kilometro egin ditu.
120 autobus
Marrutxipiko autobus biltegiak, orotara, 120 autobus ditu: hemezortzi metroko 26 autobus, hamabi metroko 83, 9,70 metroko hiru autobus eta zortzi mikrobus. Erreserban beste hiru autobus dituzte, larrialdietan edo ez ohiko egoeretan erabiltzeko prest daudenak.
Aieteko bizilagunen txanda
Autobus gertutik ikusi eta biltegian nola lan egiten duten ikusi nahi duten Aiete eta Apaiztegi inguruko bizilagunek Donostibuseko ateak zabalik izango dituzte gaur eta bihar. Konponketa tailerrak, bideo-zaintza gelak eta autobus konpainiaren egoitzak dituen beste hainbat txoko ezagutzeko bisita antolatu dute.
Bisitan parte hartzeko, comunicacion@dbus.es e-posta helbidera mezu bat idatzi edo 943 000 200 telefonora deitu behar da.