Bizikletaz behar bezala ez dabiltzanei isuna jarriko diete hilaren 28tik aurrera
Espaloitik doazen txirrindulariei 50 euroko isuna jarriko diete
Oinezkoen eta bizikleten segurtasuna indartzeko asmoz, araudia errespetatzen ez duten txirrindulariei isuna jarriko diete hilaren 28tik aurrera. Zigorraren zenbatekoa arau haustearen araberakoa izango da. Espaloitik doazen txirrindulariei eta bizikletan argirik eta txirrinik ez dutenei 50 euroko isuna jarriko diete. Aurikularrak jarrita edota mugikorretik hizketan harrapatzen dietenei, berriz, 200 euroko zigorra.
“Neurri hauen helburua hiritar guztien bizi kalitatea hobetzea da, eta ahal den neurrian istripuak saihestea. Neurri hauekin ez ditugu bizikleta hartzen dutenak kriminalizatu nahi; baina oinezkoen guneak ziurtatu nahi ditugu, eta bizikletei bere gunea azpimarratu”, adierazi du Jon Albizu mugikortasun zinegotziak.
Kontrol guneak ezarriko dira hirian zehar: Askatasunaren hiribidean, Mirakruz kalean, Ategorrietan, Egiako pasabidean, Zumalakarregi hiribidean, Herrera hiribidean eta Bulebarrean.