Harkaitz Martinez de San Vicente: «Txalaparta batak sortzea eta besteak puskatzea da, eta horrela aritu gara lanean Fedelekin»

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Oreka Tx taldeak elkarrekin entseatu zuten atzo goizean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Zehazki, emanaldia hiru zatitan banatua egongo da: Antonin Dvorak (Txekia, 1841-1904) musikagilearen biolontxelo eta orkestrarako kontzertua Si minorrean, Opus 104; Ivan Fedele (Lecce, Italia, 1953) musikagilearen Txalaparta (Folkdance 2); eta Cesar Franc (Lieja, Belgika, 1822-Paris, 1890) musikagilearen Psyche (lau zati sinfonikoak). Xehetasun gehiago emateko, prentsaurrekoa eskaini zuten atzo hainbat partaidek.
Oreka Tx taldea Txalaparta laneko protagonista izango da. Hala, orkestrarekin batera, eszenatoki gainean izango dira Harkaitz Martinez de San Vicente añorgatarra eta Mikel Ugarte lezotarra. Martinez de San Vicenteren esanetan, «erronka handia» izan da txalapartarientzat halako proiektu batean parte hartzea.
Edonola, hilabeteetako esfortzua eskaini behar izan dioten arren, orkestrarekin aritzea «ohorea» dela ere onartu zuen. Fedele musikari italiarrak sortu du Txalaparta, eta hiruen artean, txalaparta jotzen bezala aritu direla azaldu zuen Martinez de San Vicentek: «Txalaparta, batak sortzea eta besteak puskatzea da, eta horrela aritu gara lanean Fedelekin». Azken batean, instrumentu zaharra egungo garaietara egokitu behar izan dute; eta Oreka Tx-ko kideek txalapartari bakarra osatu dutela aipatu zuten, Fedeleren sorkuntzara hurbiltzeko. Ugartek, berriz, bi musika mota desberdin elkartzeari eman zion garrantzia. «Txalapartariak beste mundu batetik gatoz, ez gaude honetara ohituak, txalapartak beste ezaugarri batzuk baititu», azaldu zuen Ugartek. «Ez genuen espero hamar minutuko musika zati bat osatzeko halako lana izango genuenik; bost hilabete gogor izan dira», gehitu zuen. Izan ere, azaldutakoaren arabera, hasieran musikagile italiarrak bi txalaparta eta lau txalapartari nahi zituen, baina ezinezkotzat jo behar izan zuten. Beraz, obra berriro berridatzi behar izan zuten, euren beharretara egokitzeko. Biolontxeloa, bakarlari gisa Ivan Fedelek YouTuben ikusitako bideo baten bidez ezagutu zuen Oreka Tx-ren lana, baina txalaparta aspalditik ezagutzen zuen instrumentua zela esan zuen. «Oreka Tx-ko kideek egindako guztia eskertu nahi dut, oso lan zorrotza egin behar izan baitute».
Biolontxelo eta orkestrarako kontzerturako, Daniel Muller-Schott (Munich, 1976) biolontxelo jotzailea gonbidatu dute. Bakarlari lanetan azalduko da musikari alemaniarra, eta bera izango da kontzertua irekitzeko ardura izango duena. 2010ean ere kolaboratu zuen orkestrarekin, eta berriro Donostian egoteaz «oso pozik» zegoela esa zuen. «Musika aldetik kontzertu interesgarria eta indartsua da», aipatu zuen Muller-Schottek. Kontzertua
- Zeintzuk. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Oreka Tx taldearen eta Daniel Muller-Schott biolontxelo-jolearen kolaborazioekin.
- Zuzendaria. Andrey Boreyko.
- Egitaraua. –Biolontxelo eta orkestrarako kontzertua Si minorrean, Opus 104. –Txalaparta (Folkdance 2). –Phyche (lau zati sinfonikoak).
- Noiz. Gaur eta bihar, 20:00etan.
- Non. Kursaalen.
- Sarrerak. Kutxasarrerak.net edo Kursaaleko leihatilan.
- Prezioa. 13’35, 20’85 edo 26’85 euro.