Valentzia Lagun Aro baino gehiago izan da (82-60)
ACB Ligako play-offak abian jarri dira ostegunaren etorrerarekin. Lagun Aro Gipuzkoa Basketek Valentzian jokatu du, eta porrota jaso du final-laurdenetako kanporaketako lehen lehian (82-60).
Hirugarren laurdenean puskatu da norgehiagoka, 66-47koarekin amaitu baita. De Colo eta Caner-Medley amesgaizto ziren ordurako, 24 eta 18 punturekin, hurrenez hurren. Frantziarrak 26 punturekin bukatu du partida, eta 29 puntuko balorazioarekin. 22-10eko partziala jaso du Gipuzkoa Basketek aldageletatik bueltan, eta norgehiagoka erabakita geratu da, laugarren eta azken laurdenari itxaron gabe.
Atsedenaldira atzetik iritsi dira donostiarrak (44-37). Baronen puntuak faltan bota dituzte, nahiz eta, ohi bezala, Pankok eta Vidalek lan txukuna egin duten aldagelara joan aurretik; 26 puntu elkarren artean, baina denak lehen bi laurdenetan. Izan ere, gero itzali egin dira.
Lehen laurdena, 26-22 markagailuarekin amaitu da. Partida hasiera kaskarra egin dute Sito Alonsoren jokalariek (18-9), baina piskanaka-piskanaka partidan sartzen joan dira, markagailuan hurbildu arte. Atsedenaldia iritsi aurretik, baina, aldea hartzen utzi diete etxekoei; eta hirugarren laurdenean, alde hori handitu da, erabakigarria izan arte.
Bere historian lehen aldiz sailkatu da Gipuzkoa Basket titulurako kanporaketetarako. Final-laurdenetan, Valentzia Basket egokitu zaio, eta finalerdietara igarotzeko La Fontetan irabazi beharko du derrigorrez, kantxa abantaila kontra baitauka. Hots, hirugarren partida jokatuz gero –bi norgehiagoka irabazten dituen taldea sailkatuko da–, Valentzian izango litzateke. Igandean, bigarren partida jokatuko dute Illunben, 12:30ean. Partida hori irabazi beharko dute, hirugarren partida erabakigarria jokatu ahal izateko.